Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2019

Iraupena: 133 min.

Herrialdea: AEB

Zuzendaritza: Robin Bissell.

Aktoreak: Taraji P. Henson, Sam Rockwell, Anne Heche, Wes Bentley, John Gallagher Jr., Bruce McGill, Jessica Miesel, Rhoda Griffis, Caitlin Mehner, Sope Aluko, Ned Vaughn, Babou Ceesay.

Produkzioa: STX Entertainment, Astute Films, Material Pictures.

No soy tu enemigo

Izenburu originala: The Best of Enemies.

Sinopsia
1971ko udan, Durhameko eskoletan (Ipar Carolina, AEB) arraza-segregazioa eztabaidatzeko elkarrizketa prozesu batean, ekintzaile beltz baten eta Ku Klux Klaneko goi-kargudun baten arteko lankidetzak harreman bitxi bat sortzen du. Egiazko gertakizunetan oinarritutako pelikula.

Gaiak
Arrazakeria, bitartekaritza, sektarismoa
Arrazakeria. EEBBetako hegoaldean arraza-segregazioa indarrean zegoen garaian kokatzen da pelikula, eta honen funtzionamendua eta kontrako (eskubide zibilen aldeko mugimenduak) zein aldeko (Ku Klux Klan) mugimenduak deskribatzen dira.
Bitartekaritza. Hirugarren espazio batek proposatutako elkarrizketa prozesu batek aldaketak ekarriko ditu komunitatera. Bertan elkarrizketaren boterea ikusten da, eta honek sortzen dituen zailtasun eta botere harremanen aldaketak ere.
Sektarismoa. Ideia zurrunetan oinarritutako talde dinamiketatik ateratzea ez da erraza izaten, harreman baliotsuen haustura bat sortzen duelako. Dinamika hauen aspektu batzuk azaltzen dizkigu filmak.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…

…pelikula ikusi aurretik
· Arrazakeriari buruz. Zer da arraza segregazioa? Noiz arte uste duzu egon zirela segregazio legeak indarrean AEBetan? Ezagutzen duzu eskubide zibilen aldeko mugimendua? Izenen bat etortzen zaizu burura?
· Bitartekaritzari buruz. Gatazka sozialak konpontzeko ze bide daude? Zeintzuk erabiltzen dira gure gizartean? Zeintzuk erabili beharko lirateke gehiago edo gutxiago?
· Sektarismoari buruz. Iritziz aldatzea erraza al da? Zerk eragiten du aldaketa hori? Zerk zailtzen du?

…pelikula ikusi ondoren

· Ze botere eta talderen arteko lankidetzak mantentzen dute arraza-segregazioa pelikulan? Nola gertatzen dira aldaketak euren baitan?
· C.P. Ellis eta Ann Atwater-en bizitzak zertan desberdintzen dira? Zertan dira antzekoak? Ze une zehatzetan aldatzen da euren arteko harremana? C.P. Ellis-en eboluzioan ze harremanek zailtzen dute eta zeintzuk errazten dute bere aldaketa?
· Riddick bideratzailearen papera nola definituko zenuke? Zertan datza charrette metodologiaren arrakasta?

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top