Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2015

Iraupena: 111 min.

Herrialdea: Espainia

Zuzendaritza: Julio Médem

Aktoreak: Penélope Cruz, Luis Tosar, Asier Etxeandia, Teo Planell, Silvia Abascal, Mónica Sagrera, Àlex Brendemühl.

Produkzioa: Morena Films.

Ma ma

Izenburu originala: Ma ma

Sinopsia

Magda langabezian geratu berri den irakaslea da. Aldi berean, senarrarekin gorabeherak izaten ari da eta zurrunbilo horretan murgildurik bularreko minbizia diagnostikatu diote. Hala eta guztiz ere, baikortasunez helduko dio egoerari eta indarrez eta bizi-gogoz aurre egingo dio gaitzari. Horren ondorioz, ezustekoz beteriko momentu asko biziko ditu, baita bere ingurukoek ere.

Gaiak: Minbizia, bizinahia, maitasuna

Minbizia. Gaur egun beste askok bezala, bularreko minbiziari eta mastektomiari aurre egin behar dion emakume baten errealitatea ikusten dugu filmean. Ondoren, heriotza gertu izango duela jakinaraziko diote, eta bere errealitatea irauliko du berri honek.
Bizinahia. Gaitz baten aurrean indartsu mantendu eta bizitzaz gozatzen jarraitzeko desioaz josita dago pelikula osoa. Bizitzaren funtsaren eta bizipozaren aldeko aldarria da.
Maitasuna. Elkar zaintzan oinarritutako maitasuna topatzen du protagonistak bere bizitzako unerik zailenetan, eta era berean, maitatzeko gaitasuna areagotzen zaiola ikusiko dugu.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Minbiziari buruz: zertan datza minbiziak? Aurre egiteko orduan, zerk laguntzen du zure ustez? Nola eraman daiteke ahalik eta hoberen?
· Bizinahiari buruz: zer da bizinahia? Bizitza baloratzea eta bizinahia eskutik al datoz? Heriotza gertu izateak nahi hori areagotu al dezake?
· Maitasunari buruz: maitasuna posible al da sufrimendu egoeretan? Zeren menpe dago gure maitatzeko gaitasuna?

…pelikula ikusi ondoren
· Zertan uste duzu aldatu duela Magdak bere bizitzarekiko ikuspegia pelikulan zehar? Bizitzaz eta heriotzaz zer ikasi du? Eta maitasunaz?
· Magdak eta Arturok elksarri laguntzen diote. Inguruko pertsonen edota ezagutzen ez ditugunen gertutasunak nola laguntzen digu une horiei aurre egiteko? Zergatik? Bestelako loturak, sakonagoak, sortzen al dira horrelako uneak partekatuz gero?
· Magdak erakusten dituen bizinahiak eta indarrak, inguruko jendea kutsatzen du. Zertan laguntzen dio bere jarrerak? Nola lortzen du jarrera hori izatea?
· Haurdunaldiak nola laguntzen dio Magdari? Zer adierazten du berarentzat haurdunaldi horrek? Gaitzari aurre egiten laguntzen al dio?
· Bere alabarentzat bideo bat grabatzen du. Etorkizunean umearentzat lagungarria izango al da? Zergatik? Zertan lagun diezaioke?

Eneritz Zabaletaren laguntzarekin.

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top