Sinopsia
Gertakari historikoei zorrotz lotu gabe, filmak Lasa eta Zabalaren kasua kontatzen digu. Ustezko bi ETAkideek Iparraldera ihes egin zuten, eta 1983an Guardia Zibilak bahitu, torturatu eta hil egin zituen. Euskadin "gerra zikinaren" gertakari larrienetako bat izan zen. Gorpuak ez ziren identifikatu hamabi urte pasa ziren arte. Orduan, prozesu judizial bat hasi zen, gertakari haien erantzuleak justiziaren aurrera eramaten ahalegintzeko.
Gaiak
Estatu terrorismoa, zigorgabetasuna, justizia edo mendekua
Estatu terrorismoa. Film honek Estatuaren egituretatik zetozen aginduak betetzen zituzten pertsonek ETAren kontrako estrategiaren baitan egin zituzten giza eskubideen urraketak erakusten dizkigu.
Zigorgabetasuna. Krimen horren erantzuleak justiziaren aurrera eramateko zailtasunak oso handiak izan ziren eta, gainera, kartzela zigor luzeak ezarri zitzaizkien errudunak berehala atera ziren kalera, aske.
Justizia edo mendekua. Filmak justizia edo mendekua bilatu behar dugun eztabaidatzen laguntzen digu. Gainera, terrorismoaren kontrako borrokari eta Estatu krimenen erantzuleak justiziaren aurrera eramateari lotuta egiten du galdera hori.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
Estatu terrorismoari buruz: Lasa eta Zabala kasua GALen lehenengo ekintzetako bat izan zen. Hala ere, aurrerago, sigla horiek oso ezagun bihurtu ziren. Zer dakizu GALi buruz?
Zigorgabetasunari buruz: Zure ustez, tortura noizbait justifikatuta egon al daiteke?
Justizia edo mendekuari buruz: Estatu terrorismoaren biktimen salaketa nagusietako bat da haiekin ez dela justiziarik egin. Zure ustez, giza eskubideen urraketa guztiak berdin balioesten al dira ala desberdin?
…pelikula ikusi ondoren
· Filmean ikusten da inplikatuetako batzuek, bereziki Rodríguez Galindo jeneralak, bere burua herrialdearen zerbitzari leialtzat duela. Zuk zer uste duzu? Horrelako ekintzek herrialdeari onik egiten al diote? Zein iritzi duzu arrazoi edo talde batekiko leialtasun itsua justizia nahiaren gainetik jartzearen aurrean? Horrelako leialtasunik sumatu al duzu zure inguruan?
· Filmak argi eta garbi erakusten du justiziak gertakarietan inplikatutakoei kartzela zigor luzeak jarri zizkiela baina kartzelan oso denbora gutxi eman zutela. Zure iritziz, zergatik gertatzen da hori? Zein eragin du horrek gizarte demokratiko batean? Kasu honetan, zer izango litzateke zuretzat justizia egitea?
· Ze sentimendu eragiten dizkizu torturaren irudiek? Nola ikusten dituzte torturatzaileek biktimak? Zure ustez, “gerra zikinak” balio al du, nolabait, ETAk egin zuena justifikatzeko edo arintzeko?
Maialen Lizarralderen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu