Sinopsia
Istorio desberdinez osatutako istorioa da hau. Bost istorioren bidez geure memoriaren bazterrenean dauden lagun horiengana hurbiltzen da dokumentala. La voz de las piedras, Cartas a Nora, Crímenes invisibles, Buenas noches, Ouma eta El sueño de Bianca izeneko istorioek axolagabekeriak mutu utzi zituen horiei ahotsa jartzeko desioa azaltzen dute. Haiei begirada sekula kendu ez dietenei eginiko omenaldi apala ere bada. Baina, batez ere, ikusezintzat hartzen ditugun eta hala hartzea nahiago ditugun horiek begien aurrean jartzeko bost zuzendariek erakutsitako borondatea da.
Gaiak
Biktimak, aukerak eta itxaropena
Biktimak. Bost istorioek gatazka suntsitzaile batek berezkoak dituen indarkeriak, giza eskubideen urraketak, tragediak, irainak edota tratu txarrek eragiten duten sufrimendu pertsonal handia, sakona eta larria erakusten dute.
Aukerak. Ikusezinak sorrarazten dituen ahanzturaren arrazoiak aztertzen ditu dokumentalak. Bidegabekeriaren eta sufrimenduaren aurrean norberak egindako aukeren garrantzia azpimarratzen du.
Itxaropena. Dokumentalak muturreko bost egoera aurkezten ditu, baina egoera horietan, guztiaren gainetik, bada borrokan jarraitzeko arrazoirik.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Gatazkei buruz: Sar zaitez http://escolapau.uab.cat/conflictosypaz/index.php helbidean. Ahaztutako edo ikusezinak diren gatazkeei buruz hitz egin dezakegu? Zeintzuk dira?
· Etikari buruz: Zer da etika? Geure bizitzan ba al du lekurik? Geure erabakiak baldintzatzen al ditu?
· Elkartasunari buruz: Munduan bidegabekeria eta sufrimendu handia dago. Guztia konpondu ezinak ezer ez egitera eramaten gaitu? Gertatzen denaren gaineko benetako kontzientzia al dugu?
…pelikula ikusi ondoren
· Lehenengo istorioan Rosak honakoa dio: «Ez da egia ikusten ez gaituztenik, ez gaituzte ikusi nahi». Pertsonak ikusezin bilakatzen al ditu pobreziak?
· Bakea gerraren amaiera al da? Komunitatearen berradiskidetzea bakearen hasiera izan al daiteke? Ugandako Night Communters-etako batek honakoa dio: «Ez baduzu mina berradiskidetzearen bidez alde batera uzten, ezin izango duzu barkatu». Hala al da?
· Dokumentalak islatzen dituen errealitateak agintari politikoen eta ekonomikoen ardura dira bakarrik? Zer egin dezake gutako bakoitzak?
Aitor Sorreluzen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu