Sinopsis
K.a.-ko 481 eta 221 urteen arteko gerra-aldiaren amaieran, Txina zazpi erreinu erraldoitan zegoen banatua, eta denak elkarren kontra zebiltzan borrokan nagusitasuna lortu nahian. Iparraldeko erregea garai guztietako inperiorik handienaren buruzagi izateko nahiak itsutua zegoen. Horretarako haren etsaiak akabatzeko beharra zuen. Batez ere, hiru arriskutsuenak: Espada Rota, Nieve eta Cielo. Aberastasuna eta boterea agindu zituen hiru gerlari handi horiek hiltzen zituenarentzat. Urte luzez ez zuen inork saria eskatu. Baina egun batean gizon misteriotsu bat agertu zen, Sin Nombre, erregearen hiru etsaien armak berarekin zeramatzala.
Gaiak
Gatazka, helburua eta sufrimendua
Gatazka. Inposaketa gatazkari aurre egiteko eta horri irtenbidea emateko estrategia bakartzat erakusten du istorioak.
Helburua. Helburuak berau lortzeko erabilitako baliabideak justifikatzen ote dituen inguruan pentsarazten du pelikulak; gatazketan ohikoa den tentsioa.
Sufrimendua. Istorioak sufrimenduaren eta bere ondorioen anbibalentziaren errealitatea deskribatzen du. Sufrimenduak mugatu egiten du gizakia edo aukera ematen dio, nola lantzen duenaren arabera.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Biktimari buruz: Zer esan nahi du biktima izateak? Nola egin diezaiokegu aurre biktimizazioari?
· Bakeari buruz: Zer da bakea? Noiz gaude bakean? Nola eraikitzen da bakea?
· Egiari buruz: Egia bakarra al da ala banatua dago? Zergatik?
…pelikula ikusi ondoren
· Ba al da heroirik, hiltzailerik edota gerlaririk pelikulan? Zein? Ba al dute ezer komunean? Zergatik?
· «Hiltzera goazenok eskatzen diogu, errege, ez dezala printzipio gorena ahaztu: heriotzak bakeari bidea ematen dio» esaten dio Sin Nombrek Quin erregeari. Sin Nombre bakean hiltzen dela uste duzu? Zergatik? Zergatik erabakitzen du erregea ez hiltzea?
· Autoreen arabera, koloreen sinbologia honakoa da: gorria irudimenaren sinboloa da, urdina errealitatearena, zuria egiarena eta berdea bakearena. Zein harreman dago pelikulako koloreen eta argumentuaren artean?
Itxasne Etxeberriaren laguntzarekin
Gida didaktikoa deskargatu