Sinopsia
Etorkizun hurbilean kokaturiko errealitate batean, Theodore bere dibortzioari aurre egin nahian dabil. Bere ogibidea enpresa batean besteentzako maitasun gutunak idaztea da, baina ez du bizitza sozial gehiegirik. Horren guztiaren eraginez, Adimen Artifizialean oinarritutako Sistema Eragile berri bat erostea erabakitzen du. Gizabanako desberdinen beharrak asetzeko sorturiko softwareak, Theodoren kasuan, emakume ahotsa eta Samantha izena izango du. Hasierako adiskidetasun hori garatu egingo da, bien artean maitasun istorio berezi bat sortuz, eta honek eragingo dituen hainbat egoerari aurre egin beharko die.
Gaiak: Harremanak, bakardadea, teknologia
Harremanak. Giza harremanen konplexutasuna azter dezakegu film honetan, gizarte futurista batean harremanak nola aldatzen diren ikusiz, gizaki eta teknologiak sorturiko Sistema Eragileen artekoak kasu.
Bakardadea. Gizakion barne gatazka, min eta bakardadeari aurre egiteko teknologian eskaintzen dituen aukeretan murgiltzeak, hutsune horretan are gehiago sakontzea eragin dezakeela ikus liteke. Teknologian murgilduriko gizarte baten errealitatea eta bertako gizakiek pairatuko luketen bakardadea ikustarazten du filmak.
Teknologia. Teknologiaren garapena eta gizartearen indibidualizatzeak zer eragin izango lukeen erakusten digu. Baita gizakien eta Adimen Artifizialen arteko harremanak nolakoak izan litezkeen ere. Honek sortu ditzakeen galdera etikoei eta giza harremanetako hutsuneak lantzen dira.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Harremanei buruz: zein ezaugarri izan behar ditu harreman batek? Nola definituko zenuke harreman hitza? Gizaki eta Adimen Artifizialen arteko harremanek ondoriorik izango al lukete gizartean? Zein adibidez?
· Bakardadeari buruz: bakardadea eta bakarrik sentitzearen arteko desberdintasun nagusia zein dela esango zenuke? Nola eragiten dio gizakiari bakardadeak? Teknologiak hutsune hori bete al lezake?
· Teknologiari buruz: arazo etikorik sor al lezake teknologiaren garapenak? Gizartean eta gizatasunean nola eragiten du teknologiaren garapenak?
…pelikula ikusi ondoren
· Nolakoa da pelikulak erakusten digun errealitatea? Zein gizarte mota erakusten digu? Nolakoak dira giza harremanak?
· Theodore eta Samantharen erlazioan, batak gorputzik ez izateak nola eragiten du? Samanthak hartzen duen erabakiak nola eragiten dio Isabelli? Giza duintasunari eragiten al dio erabaki horrek?
· Nola eragiten dio Theodore-i Samanthak pertsona gehiagorekin harreman intimoak dituela jakiteak? Bere bakardadea areagotzen al du?
· Filmaren bukaeran Sistema Eragileek zergatik amaitzen dituzte erlazioak?
· Gizaki eta Sistema Eragileen arteko erlazioak posible direla uste al duzue? Antzeko errealitate bat gauzatuko dela iruditzen al zaizue? Gizartean nola eragingo luke honek?
Eneritz Zabaletaren laguntzarekin.