Sinopsia
Walt Kowalski Koreako gerrako beteranoa da, automobil-sektoreko langile erretiratua. Haren pasio kutuna bere altxorrik preziatuena zaintzea da: 1972. urteko Gran Torino autoa. Ezin zorrotzagoa eta burdinezko borondateduna, Walt etengabe aurrera doan munduan bizi da. Egoera zehatz batek etorkinak diren bere bizilagunak ezagutzera behartuko du, eta, horrenbestez, aurre egin beharko die aspaldiko aurreiritziei.
Gaiak
Aurreiritziak, harremanak eta konpromisoa
Aurreiritziak. Normalean ezjakintasunak indartzen dituen aurreiritziak, ezezagunari benetako aurpegia jartzerakoan, bertan behera gelditu daitezkeela erakusten du pelikulak.
Harremanak. Gizakiak duen afektu- eta berotasun-beharra azpimarratzen du istorioak. Batzuetan lotura ez da gertuenekoekin ditugun harremanetan aurkitzen, ezpada ustez ezin urrutiago dauden eta ezin desberdinago diren horiekin.
Konpromisoa. Besteari lotzeko prozesua deskribatzen du pelikulak. Horretarako ezinbestekoa da kontrolatzen den horren inguruan itxia egoteari uztea, eta norberaren buruari aurre egitea.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Desberdintasunari buruz:Nola begiratzen diegu desberdinak direnei? Beldurra ematen al digute? Zergatik sentitzen dugu etiketa jartzeko beharra?
· Afektuari buruz:Zer espero dugu geure gertueneko erlazioetatik? Nolako eragina dute geure istorioetan?
· Konpromisoari buruz:Zerk garamatza modu solidarioan konpromisoa hartzera? Zerk egiten du hori posible?
…pelikula ikusi ondoren
· Nolakoa da Walt? Eta nolakoak haren erlazioak? Zer gertatzen zaio? Zergatik jokatzen du horrela inguruan dituen
guztiekin? Zer gertatu zitzaion iraganean, eta horrek nola eragiten dio? Zer iruditzen zaizkio bere bizilagunak?· Nolakoa da Waltek eta Thaok duten erlazioa? Nolakoa Waltek Suerekin duena? Zerk aldarazten dio haienganako duen begirada hori?
· Zer dakar Walten bizitzara bizilagunekin duen erlazioak? Zertan aldatzen da haren bizitza? Zergatik?
Begoña Gómezen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu