Sinopsia
Duela hirurogeita bat urte, Ipar Amerikako eta Japoniako armadak elkarren kontra borrokatu ziren Iwo Jiman. Hamarkada batzuk geroago, ehundaka gutun atera dituzte irla babesgabe hartako lurpetik. Gutunok bertan borrokatu ziren gizonei aurpegia eta ahotsa jarri dizkiete, baita horiek gidatu zituen general apartari ere. Tadamichi Kuribayashi generalak eta bere gizonek aurrekaririk gabeko defentsa estrategia gauzatu zuten: Iwo Jimako arroka bolkaniko beltza zulatuz tunel-labirintoz osatutako lur azpiko gotorlekua eraiki zuten. Taktika horrek ustez porrot azkarra eta odoltsua izan behar zena, borroka heroikoan eta burutsuan oinarritutako 40 eguneko gerra historiko bihurtu zuen.
Gaiak
Gatazka belikoa, giza izaera eta etsaia
Gatazka belikoa. Gatazka batean defenditzen dena absolutu bilakatzeak dakarren ankerkeria eta zentzugabekeria deskribatzen du istorioak. Gerra batean parte hartzen dutenak jokabide bat edo beste izatera eramaten dituzten kode etikoak eta moralak aztertzen ditu.
Giza izaera. Pelikulak giza izaeraren errealitatea aurkezten digu: bere handitasunak eta akatsak, bere ilusioak eta proiektuak, eta onena zein txarrena egiteko duen gaitasuna.
Etsaia. Gatazkan etsaiari begiratzerakoan gertatzen den gizatasun eza aurkezten du istorioak. Besteak sorrarazten duen ezjakintasuna eta beldurra dela-eta ekiten den bidea da, hari gizaki-kategoria kentzera iristeraino.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Desberdintasunari buruz: Desberdintasunak desberdintasun, zerk batzen gaitu? Zergatik jartzen diogu etiketa desberdina denari? Nolako ondorio praktikoak dituzte aurreritziek geure eguneroko bizikidetzan?
· Uste sendoei buruz: Zer da zuzena dena egitea? Norberaren uste sendoei jarraitzeak dakarren dilemaren aurrean, nola erabaki zuzen ari ote garen?
· Gatazkari buruz: Gatazkari buruz aritzerakoan, «onen» eta «gaiztoen» arteko bereizketarik egiten al dugu? Ñabardura gehiago dituen kontakizunik egiteko gai al gara? Zer gertatzen zaigu?
…pelikula ikusi ondoren
· Nishi Baroiak zera esaten die bere gizonei: «Egin zuzena dena, horixe delako zuzena». Eszena batzuek erakusten dute nola diren pertsonak berak, ideologia alde batera utzita, modu batera edo bestera jokatzea erabakitzen dutenak. Zeintzuk dira eszena horiek? Ba al du zentzurik Nishi Baroiaren baieztapenak? Zergatik?
· Agertu zaizkion dilemen aurrean, nolako jarrera hartu du Saigo okinak? Zeri eman dio lehentasuna bere erabakietan?
· Zer islatzen dute Iwo Jimatik idatzitako eskutitzek? Zerk egiten ditu antzeko irla hartan borrokatu direnak? Horren jabe izateak zerbait aldatzen du?
Aitor Sorreluz en laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu