Sinopsia
Brubaker (Robert Redford), AEBko hegoaldeko kartzela bateko alkaide berria, preso baten gisa janzten da benetako presoek bizi dituzten baldintzak ezagutzeko asmoz. Guardien ustelkeriaz jabetzen da, eta presoen kontura egiten dituzten negozioak bertatik bertara ikusten ditu. Bere burua ezagutzera ematen duenean, eta ustelkeria deuseztatzeko neurriak hartzeari ekiten dionean, kartzelako guardia-taldeak kontra egiten dio. Estatuko kartzelen administrazioak egoeraren berri izango du, baina bere buruak ez dira Brubakeren jokabidea onartzeko prest agertuko. Thomas Murtonen (Arkansas) benetako istorioan du oinarria Brubaker filmak.
Gaia
Askatasuna, gatazkak eta etika
Askatasuna. Istorioa askatasun ezak eta duintasuna ere desagerrarazten duen etsai-gune batean, burdinezko hesi batzuen atzean, bizirik irauteak definitzen du.
Gatazkak. Indarkeriaren erabileraz, batik bat, etengabe gertatzen diren gatazken berri ematen du pelikulak: hierarkia estatikoak, rolen banaketa, gatazken erregulazioa eta abar.
Etika. Kontraesanen, zailtasunen, eta lagundu nahi zaien horien erresistentziaren gainetik, pelikulak jarrera etikoa eta bakezalea erakusten du bere formetan, metodoetan eta helburuetan.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Justizia ezari buruz: Herrialde demokratikoetan ba al da gizarte-injustiziarik? Erakunde demokratikoek nola erregulatzen dituzte beren baitan gertatzen diren giza eskubideen urraketak?
· Konfiantzari buruz: Ekintza onek eta borondate onak galdutako konfiantza berreskurarazten al dute?
· Elkartasunari buruz: Elkartasunik izan al daiteke kartzela bat bezalako gizatasun gutxiko lekuan?
…pelikula ikusi ondoren
· Gizarte-justiziaren eta giza eskubideen aldeko borrokak gatazkak eta erresistentziak sortzen ditu?
· Zeri edo zeini egiten dio aurre protagonistak pelikula guztian zehar? Sistemari interpelatzen al dizkio bere ekintzak?
· Zein sentimendu sorrarazten ditu pelikulak? Itxaropenak ba al du lekurik?
Nieves Arangurenen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu