Sinopsia
Mexiko Hiria. Kotxe-istripu batek hiru lagun nahastuko ditu, eta giza izaeraren alderdirik zorigaitzekoena erakutsiko die. Octavio anaiaren emaztearekin dago maitemindua, eta harekin ihes egin nahi du. Horretarako behar duen dirua lortzeko txakur-borroka ilegaleko mundu arriskutsuan sartuko da. Bestalde, Valeria modelo ederrak bizitza berriari aurre egin beharko dio larriki zauritua izan ostean. Aurreko bizitzako arrakasta eta zoriontasun denak min eta sufrimendu bihurtuko dira. Azkenik, hiltzaile bezala bizimodua ateratzen duen Chivo eskale misteriotsuak iragana gogora ekarriko dion enkargua jasoko du.
Gaia
Ihes egitea, maitasuna eta patua
Ihes egitea. Beren errealitatetik ihes egiteko pertsonaiek egiten duten ahalegina erakusten du pelikulak. Saiakera horiek, ordea, errealitatean gero eta harrapatuago uzten dituzte.
Maitasuna. Maitasun erromatikoaren eta familiarteko eta lagunarteko maitasunaren alderdirik egoistena eta ilunena deskribatzen du istorioak.
Patua. Bere bizitza kontrolatzeko gizakiak egiten duen ahalegina eta horixe lortzeko ezintasuna kontatzen ditu filmak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Irudiari buruz: Nola eragiten du geure inguruak (familia, gizartea, komunikabideak, eta abar) geure buruari buruz eraikitzen dugun irudian?
· Maitasunari buruz: Zer espero dugu maitasunetik? Ba al dakigu hura antzematen?
· Bizitzari buruz: Markatutako bideak gidatzen du bizitza ala norberaren borondateak? Zer erabakitzea dago geure esku eta zer ez?
…pelikula ikusi ondoren
· Amores Perros filmeko protagonistek bila egiten dute aurrera ala ihes eginez? Zergatik? Zer dute ezaugarritzat?
· Nola iristen gara Chivoren alderdi gizatiarrena ikustera? Zergatik egiten du horrenbesteko ahalegina bere bizitza eta hartutako erabakiek markatu duten ibilbidea aldatzeko?
· Nola eragiten du familiak istorio bakoitzean? Modu negatiboan baldintzatzen du ala aukerak sortzen ditu?
· Maitasunaren alderdirik gizatiarrenak pelikulan maitasun oso zorigaitzekoak erakusten ditu. Maitasuna izatera hel daitekeenaren inguruan gogoeta zintzoa al da?
Aintzane Ziarretaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu