75. Giza Eskubideen Adierazpenaren urteurrena: Giza eskubideak mahai gainean

Giza Eskubideen Adierazpenaren funtsetako bat da ez errepikatzea bi mundu-gerren izugarrikeria, hurrengo belaunaldientzat mundu hobea lortzea. Horregatik, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrena dela eta, gazteek giza eskubideen inguruan dituzten beldur, galdera, itxaropen eta erreklamazioak ezagutu nahi izan ditugu. Horretarako, bost gazte elkartu ditugu mahai baten inguruan, elkarren adiskide diren bost emakume, gaiari buruz hitz egiteko gogotsu. Jarraian, elkarrizketa horretatik sortutako ideiak garatzen dira.

Nabarmentzekoa da solaskideek hasiera-hasieratik, eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitariotik urrunduz, giza eskubideen gaia beren egunerokoan bizi edo ikusten dituzten egoera eta kasuekin lotu zutela. Hau da, gazteengan kontzientzia eta gaitasuna agertzen hasten da batzuetan urrunak edo abstraktuak diruditen kontzeptuak eguneroko bizitzara eramateko.

Landutako gaietako batzuk hauek izan ziren: hizkuntza-eskubideak, gizarte-desberdintasuna, kultura-aniztasunaren kudeaketa, emakumeen eskubideak eta adinaren araberako diskriminazioa. Nabarmendu beharreko ñabardura bat da, azken kasuan, gazteei buruz ez ezik, adinekoen eskubideei buruz ere hitz egin zutela. Are gehiago, gai horren harira, mahai hartan agertu zen kezka bat (gogora dezagun bost emakume direla), zainketen erantzukizuna izan zen, eta nola eragiten dien nagusiki emakumeei, ondorio pertsonal nahiz sozialekin.

Elkarrizketak aurrera egin ahala, giza eskubideen arloan eragile zehatzek egiten duten lanari buruzko iritzia azaldu zuten. Sektore pribatua izan zen okerren baloratutakoa, eta “rightswashing” hitza atera zen balorazio horretan, greenwashing izenaz ezagutzen denarekin lotutako kontzeptua: ingurumena errespetatzen duen enpresa baten irudia sortzea, edo, kasu honetan, giza eskubideak errespetatzen dituen enpresaren irudia sortzea, langileen eskubideetatik hasita. Bestalde, erakunde publikoak eragile enigmatikotzat hartu ziren, giza eskubideen arloan ahalegin batzuk egiten badituzte ere, solasaldian “zer egiten dute?” galdera jarri zen mahai gainean. Azkenik, hirugarren sektoreko erakundeak positiboki baloratu ziren giza eskubideen defentsan eta aldarrikapenean egindako lanari dagokionez. Halaber, sektore horretan parte hartu izan dute, unean-unean, boluntario gisa. Horrek adierazten du gobernuz kanpoko erakundeak, gizarte zibileko erakundeak eta gainerako sareak hurbilagotzat hartzen direla, eta haien lana nabarmenagoa dela gazteen ikuspegitik, eta populazio hori beren ahaleginetan aktiboki inplikatzeko gaitasuna dutela.

Baketik bezalako erakundeek, giza eskubideak oinarri hartu eta hauek zeharka lantzen dituztenak, belaunaldi gazteenengana iristeko gaitasuna dute. Eta gazteek erakusten duten interesak ezeztatu egiten du askotan gizartean sortzen den gazteen irudia, zeinaren arabera gazteak ez diren kezkatzen eta ez duten interesik 75. urteurren honetan aztertzen ari garen gaian. Interes hori argi uzten du bost gazteren arteko elkarrizketa amaitu zuen esaldiak: “Zein azkar pasatu zaidan, hurrengoan berriro hitz egingo dugu honetaz!”.

Giza eskubideen inguruan lan egin eta parte hartzeko espazioak irekitzen jarraitzeko beharra oraindik ere funtsezkoa da gure gizarteentzat, 1948eko abenduaren 10etik 75 urte igaro direnean. Era berean, gurea bezalako erakundeen lana funtsezkoa dela erakusten du, pertsonak erdigunean jarrita lan eginez eta gizartearen eta erakundeen artean zubiak sortuz.

Ainhoa Azkarate
Baketik.

Scroll to Top