Maider Maraña
Duela pare bat hilabete Bogotan (Kolonbia) topaketa batean parte hartzeko aukera izan genuen, zeinak Bakearen eta Indarkeria Ezaren aldeko Agenda Urbano1 baten eraikuntzan jartzen zuen arreta. Gobernuak, nazioarteko erakundeak, gizarte zibileko erakundeak eta unibertsitateak elkartu ziren bertan.
Mintegi hura ez zen ekintza isolatua izan: geroz eta gehiago entzuten gabiltza nazioarteko mailan bake urbanoaren kontzeptua, finkatzen ari den binomio gisa. Eskualdeko edo nazio-mailako begiradak lehenesteko apustua egin duten ikuspegien aurrean, eragile nazionalentzako rol protagonikoa hartzen baitute, geroz eta gehiago ulertzen da bakearen eraikuntzan lurraldearen logika eta tokiko gobernuek bakea nola eraikitzen duten ezagutzeko bidean sakontzearen garrantzia.
Mintegiaren antolatzaile zen Phare-k adierazi bezala, “hiri askok indarkeria, desberdintasun, diskriminazio eta aukera falta maila altuei egin behar diete aurre. Hiriak, ordea, bakea, demokrazia, bizikidetzarako hezkuntza eta berradiskidetza bultzatzeko funtsezko politikak sortu eta gauzatzen diren guneak dira”. Euskal Herrian herritarrek gertuen dituzten esparruetatik lan egitea, udaletatik hasita, hainbat espaziotan ikusten dugun apustua da; adibidez, Gipuzkoako herrietan hamar urte baino gehiago daramatzate elkarrizketarako guneak, indarkeriaren aitortza eta horren ondorioen inguruko lanak garatzen.
Beste gai batzuen artean, Bogotan bake urbano hori zaintza-politiken logikarekin nola lotzen den ere aztertu zen; izan ere, udalerri horietan herritarren eta politikarien guneen bidelaguntzan dihardugunok ikusten dugun moduan, gure lana gizarte-zaintzaren eta ehun-sozialaren eraikuntza eta berreraikuntzaren baitan sartzen da, argi eta garbi.
Gure mahaian bizikidetzarako hezkuntzak bake urbanoari ze ekarpen egin dieziokeen landu zen, eta baita zaintza-politikek ze paper zehatz izan dezaketen prozesu horretan ere.
Horren aurrean, Baketik-etik ulertzen dugu polarizaziorako eta gatazkarako joera argia duten gizarteetan bizi garela, konfrontaziorako joera eta formekin, bizitzako hainbat gairen aurrean enfrentamendu logiketan erraz sartzen gaituztenak. Zentzu horretan, ulertu behar dugu bizikidetzarako hezkuntzaren papera ez dela hainbeste iraganeko indarkeriei begiratzea, edo ez hori soilik. Indarkeria nola sortzen den ikusgai jarri behar dugu, belaunaldiz belaunaldi errepikatzen diren testuinguruak daudela konturatu, eta ez garela beti horiek identifikatzeko gai. Agerian jarri behar dugu indarkeriak gizarte-ehunekin, kidetasun-sentimenduarekin, nortasunekin, adinekin, genero-rolekin eta abarrekin ere zerikusia duela, eta aztertu behar dugu zergatik murgiltzen garen hain azkar aurkakotasun-joeretan. Beraz, bakerako hezkuntzak indarkeriaren formuletan, jarreretan eta inguruabarretan jarri behar du arreta gehiago, indarkeriaren “arrazoietan” baino, horiek agerian jarri ohi baitira.
Eta, era berean, garrantzitsua da ulertzea bakea eraikitzea zaintza-politiken kontua dela. Adibide ugarik agerian uzten dute indarkeria areagotzea giza garapen ezarekin, pobreziarekin edo desberdintasun-egoerekin lotuta dagoela askotan. Horren aurrean, ongizate-alternatibak eskaintzeak indarkeriatik urrun dauden aukerak ere bermatzen ditu. Hau da, bakea eraikitzen duten eta indarkeriaren aurka borrokatzen duten politiken alde egiteak komunitateen ongizatea handitzearekin batera joan behar du.
Hiri-inguruneetan bakea eraikitzeko eta bitartekaritzarako estrategietan zaintza- eta hezkuntza-politikak txertatzeko jardunbide egokiei edo proposamenei buruzko galderaren aurrean, guk ulertzen dugu tokian tokikoa zaintza-eremua dela argi eta garbi. Plan nazionalak erabakigarriak dira esparru jakin batean, baina ez dira iristen zaintza lurreratzera. Maila lokala, tokiko gobernuak, herritarrengandik eta gizartearengandik hurbilen dauden erakundeak dira. Indarkeria aitortu behar da gertatu zen tokian, bizi izan zen tokian, jasan zen kaleetan. Udalerriko alkate baten ahotsean egindako aitortzaren hurbiltasunak plan nazional batek inoiz izango ez lituzkeen aukerak ireki ditzake.
Baina ez da nahikoa pertsona bakar baten ahotsa, alkate batena. Gure udal esperientziak urte batzuetan erakutsi digu bakarrik ibilita une batzuetan azkarrago joatea dagoela, baina elkarrekin urrunago iritsiko garela. Gipuzkoako udal gobernuen esperientzian funtsezkoa izan da alderdi politiko guztien ahotsak eta konpromisoak bultzatzen dituen metodologia, zaila izan arren, prozesu sendoagoa bermatzen baitu, bakea eraikitzeko prozesu finkatuagoa eta integratzaileagoa.
Eraikuntza gisa, prozesu bat eskatzen du, bere joan-etorriekin, topagune seguruen aldeko apustuarekin, non zainduta sentitzen garen. Prozesuok ez dira egun batetik bestera sortzen eta talde horien bidelaguntza-lanak egiten dituzten pertsonak ere behar dituzte.
Baina, batez ere, hainbat udalerritan funtzionatu diguten metodologien gainetik, beti gogoratu behar dugu ez dagoela bake-eredu bakar bat, sormena funtsezkoa dela. Udalerri bakoitza, mundu bat.
Zaintza-logikatik bereizezina den (edo izan beharko lukeen) gizarte-berrikuntzak ulertu behar du bakea eraikitzea gure kaleetatik gertu dagoen zerbait dela, tokikoa. Bakea nazioarteko edo nazioko bilera handietan egituratzeaz gain, formulak eta jarrerak gure plaza eta topaguneetan ere sortzen direla. Bake urbanoa, tokikoaren indarra, bakea eraikitzeko beste eremu bat da, eta hor ere ahalegin guztiak egin behar ditugu.
- Mintegia Phare-Lurralde Globalak, Kolonbiako Nazioarteko Lankidetza Agentzia (ACP) eta E-Lankidetza erakundeek antolatu zuten: https://phare-global.org/2024/07/07/seminario-internacional-agenda-urbana-paz/ ↩︎