Gertatutakoaren transmisioa (III) Nork transmititu behar du?

Indarkeriazko iraganaren gertakizunen transmisioa batez ere etxeetan gertatzen da, gertatzen denean. Hezkuntza-komunitatean ez dago adostasunik zer, nola eta noiz transmititu behar den finkatzeko orduan. Instituzioetan ere talkak ohikoak dira. Izan ere, anitzak dira iraganaren kontakizunak, eta, askotan, bateraezin bezala epaitzen dira. Zailtasun handiak sortzen ditu iraganaren inguruko adostasunak bilatzeko lanak. 

Badira, ordea, ekintzarako zirrikituak topatzen dituzten talde eta ekimenak: biktimak eskoletara eramaten dituen Adi-adian ekimena, adibidez. Egia da testigantza hauekin, gertakizunen zatitxo bat besterik ez dutela jasotzen ikasleek, baina iraganaz hitz egiteko, galdetzeko, ikertzen jarraitzeko atea izaten da askotan. Ekimen honetan parte hartzea adostu egin behar izaten du eskolako dagokion organoak, eta hori bera egunerokotasunean gertatzen diren berradiskidetzearen aldeko saiakeren eredu bilakatzen da. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ere iniziatiba hartu du, eta gazteen jakin-min eta beharrak ikertu; gero, lortutako emaitzen arabera, ekimenak sortu ditu memoriaren inguruan. 

Adostasun instituzionalak iritsi bitartean, badugu lana ekintzarako zirrikitu horiek topatu eta aprobetxatzen. 

Scroll to Top