Joan den ekainaren 12an Javier de Lucas irakasleak Donostiako San Telmo Museoan eskaini zuen hitzaldiaz gozatzeko aukera izan genuen, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zela 70 urte betetzen diren urtean, Baketikek museoarekin batera antolatu duen hitzaldi zikloaren baitan. Ziklo honen hasierekin batera ikusi dugu Aquarius ontziak Italiako uretan erreskatatutako 629 pertsonen etorkizunaren ezjakintasuna norainokoa zen. Eta astebete geroago, ikusten genuena ulertu ezinik, Donostiako autobusen geltokira joan ziren gure begiak, non paperik gabeko 46 etorkin iritsi ziren bat-batean: ez zekiten non zeuden, ez zekiten nora joan, zekiten gauza bakarra zen Almeriatik ekarri zituztela autobus batean eta norbaitek (nork ordea?) bertan jasotzea espero zutela. Norbait hori ez zen inoiz iritsi.
Horrelako pasarteek anekdotiko izateari aspaldi utzi zioten garaian eta testuinguruan, Javier de Lucasek, SOS Arrazakeriako kide Mikel Mazkiaranek aurkezturik, “aniztasun”, “desberdintasuna” eta “desberdinkeria” kontzeptuez ulertu izan duguna azaldu zigun. Azaltzen zuen desberdintasuna erabili izan dela desberdinkeria justifikatzeko: “Desberdintasunak, ordea, ez luke ekarri behar bestelako trataera bat edo trataera diskriminatzaile bat ―azaltzen zuen―; berdintasunak ez du justifikaziorik behar, proposamen arauemaile bat da. Giza eskubideen oinarria da denok berdinak garela”.
Hiritarren eta atzerritarren artean egiten den bereizketa azpimarratzen zuen, bereizketa horrek bigarrengoen eskubideak nola murrizten zituen ikusi araziz. Azaldu zuen, hiritartasuna, bere adiera modernoan, XVIII. mendean agertu zela, tresna emantzipatzaile bezala, pribilejioak eskuratzeko bidea, estatusa edo eskubideak eskuratzekoa… De Lucasek bestelako hiritartasun bat defendatzen du, ordea: “Beti defendatu izan dut hiritartasunak lotuta egon behar duela aniztasunarekin; gizarteratzea bultzatuko duen hiritartasun plurala, irekitzeko borondateduna, homogeneotasunik eskatzen ez duena, hori defendatzen dut. Hiritar izatea edo ez izatea ezin da kultura bati edo jaioterriari lotuta egon, baizik eta leku batean modu egonkorrean bizitzeari, epe arrazoizko batean; egonkor bezala ulerturik legeak errespetatuz bizitzeari eta komunitate horretako hizkuntza ezagutzeko saiakera eginez, elkarbizitza benetakoa izan dadin”.
Oraindik entzun ditzakegu de Lucasen hitzak, etorkinen arazo handiena zein den gogoraraziz: “Kontua da zeure herrialdetik beste batera emigratzea ez dela, normalean, zeure borondatez egiten duzun zerbait, ezinbesteko erabakia izaten da sarri, desesperatua ere bai batzuetan; baina, egia da, kasu batzuetan aukeratu ere egiten dela, bizi duten egoera hobetzeko esperantzan joaten direla beste nonbaitera; ez al dute bada horixe bera egiten gure seme-alabek? Emigratzeko eskubideaz ari gara, baina ez dugu ahaztu behar emigratzeko eskubideak berarekin dakarrela ez emigratzeko eskubidea ere”.
Aquiarius ontziaren krisia krisia humanitario bat baino gehiago zela irizten zion: “Ontzi horretan 120 adingabe daude, zeinen eskubideak urratzen ari diren. Eta, bistakoa da, gainerako guztien eskubide ugari ere urratzen ari direla. Finean, honek guztiak erakusten diguna da, gure migrazio eta asilo politikak nekropolitikak direla, Achille Mbembek azaldu izan duen moduan: botereak erabakitzen du nork merezi duen bizitzea eta nork ez, bizitza jada ez da errespetatu beharreko balore bat”.
Bizitza jada ez da errespetatu beharreko balorea eta, aniztasuna, dirudienez, ez da balore positibo bat: “Etengabe esaten badigute etorkinak mehatxu bat eta arrisku bat direla gure ongizatearentzat, sinistu egiten dugu azkenean; eta aniztasuna errealitate osagarri edo aukera gisa ikusteari uzten diogu, arriskutzat hartuz”. George Orwellen Abereen etxaldea obra zoragarriaren pasarte bat zekarren gogora: animalia guztiak berdinak dira zioen sarrerako intsignia nola aldatu zen txerriak agintean jarri zirenean, animalia guztiak berdinak dira, baina batzuk besteak baino berdinago izatera pasatuz. Honako hau gehitzen zuen: “Alderaketa horretan ikusten dugu nire desberdintasuna dela hoberena, eta horrek zure gainetik egotera eta zuri eskubideak ukatzera eramaten nau, ni bainago boterean. Hortaz, trataera bera jasotzeko, zaren bezalakoa izateari utzi behar diozu eta ni naizenera gerturatu behar duzu”. Nagusitasun kulturalaz zioen ―48ko Aldarrikapena bera kritikatuz, hark gizarte eredu bakarra jasotzen baitu, mendebaldeko kapitalismoarena, mendebaldeko demokrazia eta liberalismo politikoarena―: “Dirudienez, gehiengoaren moldean ez bazara sartzen, ez dauzkazu eskubide berak. Eskubideek sexua dute, arraza dute; aldarrikapenean jasotzen diren giza eskubideak zibilizazio konkretu batera moldatzen dira”.
De Lucas irakasleak, beste gauza askoren artean, eta hala eta guztiz ere, baikortasunerako deia egin zuen: “Gure garaiotan, baikortasuna betebehar moral bat da. Gauzak hobetzeko baikortasun ez inozo bat”. Ekintzara, aldarrikapenera eta mugitzera garamatzan baikortasun ez inozo bat, gizaki guztien giza eskubide guztiak behingoz errespetatu daitezen.