Urnietako bake eta bizikidetza talde herritarra ideologia, sentsibilitate eta biografia ezberdinetako pertsonek osatzen dute. 2016an hasi zuen bere ibilbidea ardura partekatu batek batuta: bakea, bizikidetza eta memoria, eta herrian bertan gai hau lantzeko helburua izan zen oinarria. Horrek mugituta aritu dira elkarlanean azken urteotan, oro har bakeari, eta zehazki Urnietako bizikidetzari euren ekarpena egiteko asmoarekin. Herritarrez osatutako taldea autonomoa da; partaideek egin beharreko lan-lerroak erabaki eta bideratzen dituzte. Bide honetan Baketik Fundazioaren laguntza ere badute, errazle lanak egiten.
Urnietan, beste hainbat herrietan bezala, askotariko sufrimenduak bizitako pertsonak bizi dira. Bizilagunak izan arren, ordea, askotan ez ditugu ezagutzen sufrimenduzko esperientzia horiek. Beste batzuetan, ezagutu arren ez gara hurbildu geure elkartasuna adieraztera, urteetako indarkeria eta tentsioek lubakiak sortu baitituzte geure artean. Taldeak argi dauka indarkeriaren biktimek eta sufrimendua eragin duten bestelako egoerak bizi izan dituzten pertsonek aitortza eta erreparazioa merezi dutela. Urte hauetan guztietan izandako ikaskuntza eta hausnarketek bultzatuta, giza eskubideak oinarri hartuta, bide horretan taldeak bere ekarpena egin nahi izan du. Hasierako pauso bezala nolabaiteko sufrimendu bat jasan duten pertsonen bizipenak entzuteko helburua finkatu zen 2019an, pertsona hauekin batera aitortzaren bidean pausoak sustatzeko. Hala, “Sufritu duten Urnietarrak entzunez” ekimena jarri zuten martxan.
Beste udalerri batzuetan ere egindako lanean inspiratuta, ekimen honen bidez entzuteko gune segurua eskaini nahi izan du taldeak, errekonozimendu pribatua eskainiz hautsitako harremanak berreskuratzeko. Hala, 9 pertsonekin egin ziren topaketak 2020-2022 artean,
Prozesu horretatik ateratako ikaskuntza eta ondorioak dokumentu batean jaso ditu taldeak, eta jarraian argitaratzen dugu halako entzute prozesuen garrantzia eta beharra azpimarratzeko.