Gure gizartea betidanik nabarmendu izan da zorionez, beste herri eta herrialde batzuekiko erakutsi duen elkatasunagaitik, bere berezkoa duen konpromiso solidarioa tarteko. Beste pertsona batzuek bizi izan dituzten gatazkak arrotz sentitzen ez dituen gizartea gara.
Saharako afera guztiz adierazgarria dugu zentzu horretan, izan ere, beste ezerk ez bezala, babes zabal eta plurala jasotzea lortu baitu euskal gizartean; are gehiago, alderdi politiko eta sindikatuen babesa ere lortzea iritxi izan da ia ahobatez. Akordioak posible direla erakusten duen adibide bat da.
Ziurrenik asko dira gatazka horrek edo besteren batek lortzen dituen babes zabal, pluralak eta ezberdinen harteko adostasuna gure gatazka propiora ekartzea ezinezko egiten duten faktore eta diferentziak. Analisi sakonegietan sartu gabe, azpimarratu nahiko nuke gatazka batean daukagun paperak edo ustez jokatzen dugunak, horrekiko dugun ikuspuntuan zuzen-zuzenean eragiten duela. Gauzak horrela, urrun garatzen diren gatazkek, geureak ez izaki, gure armadura eta gerra liturgietatik urrutzea ahalbidetzen dute arrazoiak eta entzumenak gainontzekoa egin dezaten.
Ederra litzateke gure gatazka beste batzuena balitz, ez da hala? Ez ekidingo genituzkeen sufimendu merezigabeengaitik soilik , baizik eta seguru aski, alde ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioak sustatzeko proposamenak izango genituzkuelako dagoeneko. Ez hori bakarrik, giza eskubideen aurka eman diren bortxaketen aurkako salaketen zerrenda adosteko aukera ere izango genuke.
Baina ez da horrela. Hamarkada luzez bizi izan dugun gaztaka bortitza, sufrimendua eta bortxaketak geureak besterik ez dira, azken finean ideiak duintasunaren gainetik jartzera iritsi baikara. Aitzitik, ez legoke gaizki, besterik ez bada ariketa intelektual modura, gure errealitatea kanpotik begiratzeko ahalegina egingo bagenu. Interesgarria litzateke gertaturikoa etiketarik eta aurreiritzirik gabe, beste kontinente bateko gizon-emakumeen arteko gatazka bailitzan aztertuko bagenu.
Badakit ariketa bat besterik ez litzatekeela, baina seguru nago mina bere horretan ulertzen lagunduko ligukeela edozien dela ere sufrimendua pairatu duena. Giza eskubideen urraketak, guztiak salagarri bezain nardagarriak liratekeela, edozien dela ere jatorria. Eta nork daki, akaso duitasuna irabaziko lukete bizitza guztiek; ideia politikoak direla medio zapuztu ez daitezen.
Iker Uson