Urte bete baino gehiago pasa da ETAk indarkeriaren etetea adierazi zuenetik. Asko gara kezkatuak gaudenak zenbait kontu oso geldirik daudelako: desarmea, indarkeriaren amaiera eta geure gizartean bakerako behin betiko bizikidetza-kultura berria sendotzea.
Zenbait analisten arabera, bi giltzarri daude kale itsu honetatik ateratzeko. ETAren desarmea eta espetxe-politika. Fidagarriak diruditen informazioek ziurtatzen dute ETA prest dagoela armak entregatzera. Bere aldetik, horri uko egin dion Espainiako Gobernuarekin horretaz guztiaz hitz egin nahi du. Bestetik, izen handiko iturriek azpimarratzen dute presoen kolektiboa prest dagoela iraganaren berrikuspen kritikoa egiteko.
Hau guztia egia balitz, eta badirudi hala dela, egoera honakoa da: alde batetik, gizarteak ematea espero dituen urratsak eman nahi dituzte ETAk eta presoek; baina, bestetik, eskumena duen eta aintzat hartuko dituen solaskiderik ez dute. Egoera kafkianoa da; baina horrela da.
Ziur aski, Raxoi beldur da arlo honetan egiten duen edozein mugimenduk, arrisku garrantzitsuen eta onura politiko ez oso garbien menpe jarriko dituela. Onartu behar da, gutxienez, neurri batean arrazoia izan dezakeela. Dena dela, ez da oztopo gaindiezina. Kontuan har dezakeen balio handiagoa duen argudio bat eta arriskuak gutxitzea ahalbidetzen dituzten bi gauza samur badaude.
Argudioa, kalteen eta onuren gainetik, bakearen balioaren sublimazioa da. Ikuspegi pertsonal eta gizatiar batetik begiratuta, ziur aski, ez da egongo ezer garrantzitsuagorik politikari baten bizitzari atzera begiratzean indarkeriaren behin betiko desargetzean zeregin erabakigarria jokatu izana baino. Uste dut argudio honek Raxoi Presidentea horretan lan egitera animatu behar duela. Horretan ere lagun diezaioke arriskuak murrizten dituzten urratsak eman daitezkeela jakiteak. Zentzu honetan, bi aukera daude:
·Gobernuaren ekimenez, ETAren desarmea gauzatzeko nazioarteko erakunde bati gestio egokiak egitea eskatzea onar zezakeen Diputatuen Kongresuak, ahalik eta adostasunik zabalenarekin.
·Eusko Legebiltzarrean gai honetan lortzen den zeharkako adostasuna aintzat hartuz, espetxe-politika aldatu ahal izango dela adieraz lezake Espainiako Gobernuak.
Arrisku kontrolatua dakarten eta egungo blokeoa gainditzen lagunduko luketen bi ekimen samur dira. Behingoz orria pasa nahi duen euskal gizarteak Raxoi Presidenteari eskertuko lizkiokeen bi mugimendu izango lirateke.
Jonan Fernandez