Duela hilabete batzuk, Calitik (Kolonbia) proposamen bat jaso genuen ikastaro bat ematera joateko Pertsona izaten hezteko Izan Proposamenari buruz eta bertan egon naiz ekainaren 26tik 30era. Santa Isabel de Hungría Fundazioaren eskoletako irakasleei zuzendutako bakeari eta bizikidetzari buruzko mintegi baten barruan kokatua zegoen ikastaroa. 30 ikastetxe, 40.000 ikasle eta 900 irakasle inguru dauzka Fundazioak. Fundazioaren ikastetxe asko azken urteetan gatazkaren ondorioz desplazatuak izan diren pertsonak kokatu diren Caliko inguruetan daude. Mintegian 500 lagunek hartu zuten parte, tartean hezitzaileak eta Caliko gizarte sareko lagunak.
Une hauetan, Euskal Herrian bizitzen ari garen antzeko egoera bizitzen ari dira Kolonbian. Han ere garai berri batez ari dira hitz egiten baina, hemen bezala, oraindik molde zaharrak nagusitzen dira. Bake prozesua Gobernuaren eta FARC-en artean Habanan izaten ari diren solasaldietara murriztea, gizartea arduragabetzea hori beraiekin ez doala pentsatuz, etorkizunari begira prebentzio-lanik ez egitea eta bizitzen ari diren sufrimendutik ezer ez ikastea dira beraien kezketako batzuk.
Hori izan zen mintegi hau antolatzeko arrazoietako bat, Baketik-en Izan Proposamena gazteekin eta gizarte zibilarekin nola landu daitekeen ikusteko eta Calin bizikidetza-kultura berria sortu. Alde teorikoa oso ondo joan zen eta parte-hartzaileen balorazioa oso positiboa izan zen. Orain hori beren eskoletako eta komunitateetako gazteei nola helarazi eta beraiekin nola landu daitekeen ikusteko erronka geratzen zaie.
Mintegiaren ondoren, bertako antolatzaileetako batekin, Chuchorekin, lanean ari diren eremuetako batzuk bisitatzeko aukera izan nuen. Eremu hauetan gazteen helburua bandetan sartzea da eta bizitzaren balioa ezerezera murrizten da. Urrutirago joan gabe, lehengo asteburuan 18 lagun hil ziren Calin indarkeriaren ondorioz. Medellinen kokatutako “La virgen de los sicarios” pelikula gogoratu nuen eta bisitatzen ari ginen eremu antzekoan kokatutako “El doctor alemán” pelikulari buruz hitz egin zidan Chuchok. Galdera bat ere egin zidan: nola lan dezakegu giza duintasuna hemen, gazteak elkarrren artean hiltzen ari direnean?
Esan behar dut ezin izan niola erantzun argirik eman, baina agian modu bat hau izan daiteke: beraiekin ikusten eta ezagutzen duten alternatiba bakar hori baino alternatiba gehiago badirela ikusaraztea. Mintegian 25-30 urte bitarteko gazte batekin hitz egiteko aukera izan nuen. Gazte hau banda hauetako batean parte hartutakoa zen eta orain gazteekin lanean ari da bide hori har ez dezaten eta beste bizimodu bat bilatzen laguntzeko. Gazte horren testigantza bezalakoa beste alternatiba batzuk badirela aukera sinesgarria dela adierazteko modu bat izan daiteke.
Ez dakit mintegi horretan egindako ekarria baliagarria izango den beraientzat baina neuretzat esperientzi interesgarria izan da. FARCen eta Gobernuaren arteko negoziazioak hurbiletik jarraitzen ari diren pertsonekin egoteko aukera ere izan dut bidai honetan. Horrekin batera, diferentziak alde batera utzita, bizi dugun garaiari buruz kezka berbera partekatzen dugula egiaztatu ahal izan dut. Hemen guztia bukatu dela eta gizarteak ez duela inplikatu behar pentsatzeko eta orria pasatzeko eta etorkizunean geure gatazkak berdin gainditzen jarraitzeko tentazioa izateko arriskua dugu, geure helburuak giza duintasunaren gainetik jarriz eta, beharrezkoa baldin bada, indarkeriaz baliatuz.
Pello Sarasua