Pentsio-funts batean daukan diruaren aurtengo irabaziak jaso ditu gaur nire aitak. Pozik zegoen bere pentsio-funtsa igo egin delako. Eta nire aitaren kasua ez da bakarra. Zuen inguruan galdeketa txiki bat egitea animatzen zaituztet eta ikusiko duzue jende kopuru handi batek finantza-aktiboren bat duela; batez ere, pentsio-funtsak edo -planak, baina baita akzioak bankuetan, enpresetan eta abarretan. Bere erabilera orokorra dela esatea agian gehiegizkoa da baina finantza-aktiboen merkaturako sarbidea, pentsio-funtsetara edo -planetara bereziki, demokratizatu egin dela esango nuke.
Plan hauen hedatzeari eta bere logikari buruz asko eztabaidatu dezakegu teorian pentsioak bermatzen dituen sistema batean baina gaur plan eta fondo hauen erabilpenari buruzko gogoeta etikoan jarri nahiko nuke arreta.
Finantza-mundua orokorrean ez da nabarmentzen etikoki jokatzen duelako salbuespen batzuk izan ezik. Oihaneko legedi baten antzekoarekin funtzionatzen du non helburuak bitartekoak justifikatzen dituen eta helburua gehiago eta gehiago irabaztea baino ez den.
Pentsio-funtsen kasuan, erabiltzaileek badakigu bertan zein kopuru dugun eta zein irabazi jasotzen ari garen. Baina, ba al dakigu nola lortzen diren gure diruaren irabazi, edo bere kasuan, galera horiek? Badakigu zer egiten duen bankuak geure diruarekin? Non inbertitzen duen? Portzentai altu batean, ezetz esango nuke, beste arrazoi batzuren artean, bankuek informazio hori ematen ez digutelako eta agian geure sukurtsaleko zuzendariak agian ere ez dakielako.
Ez litzateke gaizki egongo hori kontuan edukitzea. Hemengo edo hango funtsek geure ekonomian duten ondorio kaltegarrien inguruko berriak jasotzen ari gara eta baita geure inguruko enpresa baten jabe egin dela halako fondo bat ere. Baina, badakigu geure diruak antzeko fondoetan parte hartzen duela? Edo are beldurgarriago oraindik, modu pertsonalean edo sozialean geuregan eragina duten erabakiak hartzen ari diren fondoetan merkataritza-eragiketak egiten ari daitekeela geure dirua?
Geure konpromiso etiko sozialak baina baita pertsonalak ere finantza orokorretan ezezik geure finantza partikularretan ere jarri behar du arreta, neure pentsio-funtsa handitzeko neure printzipioen saldoa zenbaki gorritan utzi behar dudan edo ez aitortzeko, gutxienez, geure buruari.
Iker Uson