Mentoretza soziala genero ikuspegiarekin

Pasa den maiatzaren 24an, Baketik-etik Bilbon egon ginen genero ikuspegia duen mentoretza sozialari buruzko jardunaldian, Dones Mentores eta emakume erresilienteen euskal elkarteei (Guerreras del Alto Deba eta Bizituz) laguntzen.

Maider Maraña Baketik-eko zuzendariak gizarte ekintzako mentoretzari buruzko mahai inguruan parte hartu zuen, Mentoretza Sozialaren Koordinakundeko Raquel Carrionekin, SOS Arrazakeria Gipuzkoako Karlos Ordoñezekin eta Dones Mentores-eko Lores Lopezekin batera.

Bere hitzaldian, emakumeek mentoretza sozialeko proiektuetan egiten duten lana nabarmendu zuen Marañak. Izan ere, programetan parte hartzen duten pertsona gehien-gehienak emakumeak dira, bai boluntarioak, bai mentoretza-teknikariak, bai mentoretzako hartzaileak bideratzen dituzten zerbitzuetako profesionalak. Beste behin ere, begi-bistakoa da zaintza lanetan emakumeek gizonen aurrean hartzen duten pisu desberdina. Horregatik da beharrezkoa emakumeek prozesu horietan duten inplikazioa ikusaraztea.

Mentoria sozialak errealitateak eraldatu nahi dituen heinean, gure gizarteetan nagusi den matxismoa bezalako arazo sistemikoei erantzuna eman nahi dien heinean, ezinbestekoa da proiektuei genero begirada batekin heltzea. Gure programetatik ezin ditugu dauden desberdintasunak erreproduzitu, gure fokua aldaketan eta eraldaketan jarri behar dugu. Kontua ez da genero ikuspegiarekin lantzen den mentoretza sozial zehatz bat dagoela. Aitzitik, esan dezakegu mentoretza soziala genero ikuspegiarekin egiten ez bada, ez dela mentoretza soziala.

Mentoretza sozialeko programak kudeatzen ditugun erakundeok bat gatoz oraindik bidea egiteko dugula. Genero begirada hori txertatzea heldu beharreko erronka gisa planteatzen da, eta ezin da atzeratu. Mentoretza-programen diseinuak, prestakuntza-programak, ebaluazioak, etab. hartu behar dira baitan. Paulo Freirek zioen bezala, hezkuntzak ez du mundua aldatzen, mundura aldatuko duten pertsonak aldatzen ditu.

Maite Aseginolaza eta Kristina Soares

Scroll to Top