Legazpik bat egiten du frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformarekin

Baketik arduratuko da biktimen arreta, testigantzen bilketa eta informazioaren tratamendu teknikoa koordinatzeaz. Prozesua Legazpiko Udalarekin, Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformarekin eta Estatu espainiarreko zein Argentinako abokatuekin elkarlanean egingo da.

Legazpiko Udalak prentsaurreko publikoa eskaini du gaur maiatzak 21, Eric Galvez alkateaudaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak, frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformako bozeramalea eta Baketik Fundazioko kidea bertan izan direla. Bertan aurkeztu da frankismoaren biktimen eta haien senideen testigantzak jasotzeko prozesu baten hasiera, Argentinako Kereila izenez ezagutzen den auziaren testuinguruan.

Ekimen hau udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasunarekin bultzatu da, eta helburua da egia, justizia eta erreparazioa bermatzea, 1936 eta 1978 bitartean giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonentzat.

Proiektu hau garatzeko, Legazpiko Udalak laguntza ekonomikoa eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.


Prozesu juridiko eta etiko bat: Argentinako Kereilarekin bat egitea

Argentinako Kereila 2010ean ireki zen Buenos Airesko Zigor Arloko Auzitegi Nazionalean, eta jurisdikzio unibertsalaren printzipioan oinarrituta dago. Gaur egun arte, frankismoan egindako giza eskubideen urraketen aurkako munduko auzi penal bakarra da.

Espainiako Estatuan 1977ko Amnistiaren Legea dela eta, prozedura judizialak ezin abiarazita, biktima askorentzat justiziarako ate bakarra bihurtu da Argentinako bidea, baina halere, 2016an, Plataformak, bertako justiziak ere urraketa hauek ikerketzeko erantzunkizuna baduela sinistuta, nazioarteko jurisdikzioa utzi gabe, Estatuko espaitegietarako jotzea erabakitzen du.

Legazpiko Udalak auzi honekin bat egingo du modu ofizialean, herrian gertatutako kasuei buruzko informazioa aurkeztuz. Halaber, Estatu espainiarreko epaitegietan ere kereila jartzeko prozesuak jarriko dira martxan, tokian tokiko gertaerak ikertzeko asmoz, urte hauetan, Euskal Plataformarekin lanean aritu diren abokatuen kabinetearen laguntzarekin.


Biktimentzako arreta

Maiatzaren 22tik ekainaren 21era, herritarrek informazioa eskatzeko eta parte hartzeko interesa adierazteko aukera izango dute. Aldi horretan, jendearekin harremanetan jarriko da Udaleko eta Baketikeko lantaldea, prozesua azaltzeko eta zalantzak argitzeko Udaleko Arreta Zerbitzuaren bitartez.

Uztailaren hasieratik aurrera, pertsona bakoitzaren testigantzen jasotze pertsonalizatua hasiko da, betiere konfiantza giroan eta modu pertsonalizatuan.

Biktimen arretarako espazio berezi bat jarriko da martxan Legazpin bertan, Baketik Fundazioaren laguntzaz, elkarrizketak antolatu eta dokumentazioaren bilketa koordinatzeko.

Parte hartzea eska dezaketen pertsonen kopuru zehatzik oraindik ez badago ere, 25 pertsona inguruko aurretiazko identifikazioa dago.


Oroimena, justizia eta erreparazioa, tokikotik abiatuta

Proiektu hau bat dator Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen printzipioekin, zeinak dio krimen horiek ez direla preskribatzen eta ez dagoela legerik ez praktikarik halako krimenak zigorrik gabe uzteko eskubidea duenik.

Gaurko prentsaurrekoa izan da ekintza kolektibo eta konpontzaile baten abiapuntua. Udalak, herritarrek, elkarteek eta biktimek batera egingo dute lan, oroimen historikoa berreskuratzeko eta zigorgabetasunaren aurka borrokatzeko.


Informazio gehiago:
legazpi@legazpi.eus
943 73 90 30
Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzua

Scroll to Top