Gazte tutelatu ohien errealitatea

Egoera desberdinengatik euren haurtzaroko edota nerabezaroko zati bat jatorrizko familiaren laguntzarik gabe igaro behar izan duten gazteak dira. Ondorioz emantzipazio prozesuari aurre egin behar diote erreferentziazko heldu gutxirekin, aukera gutxiagorekin eta ahalik eta azkarren egiteko presioarekin.

 
Gipuzkoan instituzioen aldetik etxebizitza laguntza eta laguntza ekonomikoa 23 urtera arte iritsi daiteke, kasuen arabera; nahiz eta Gipuzkoan batazbesteko emantzipazio adina 30 urtekoa den.
 
Edonola ere, nahiz GFAren instituzio publikoen laguntza instrumentala izan baduten egia da baita ere sare sozialari, erreferentziazko helduei edo afektibotasunari dagokionez gabeziak dituztela.
 
Pertsona atzerritarren kasuan zaurgarritasuna oraindik handiagoa da, 18 urte betetzen dituztenean euren gizarteratzea zailtzen duen egoera administratibo eta legalari aurre egin behar diotelako. Oztopoz beteriko bideari aurre egin behar diote heldutasunera iristeko. Marko legalak eta integrazio planak badauden arren traba administratiboek prozesua atzeratzen dute.
 
Egungo Espainiako Atzerritarren Legearen arabera gazte tutelatu ohi hauek lan munduratzeko lanerako baimena behar dute. Tramitatzeko ezinbesteko baldintza da astean 40 orduko lan kontratu bat izatea, urtebeteko iraupena eta gutxienez lanbide arteko gutxieneko soldata eskaintzen duena. Baldintza hauek zaildu egiten dute lan merkatu ezegonkor baterako sarrera.
 
Lagundu nahi dien norbait topatzen dutenean lan baimena eskatzen die eta beraiek ez daukate. Norbaitek lan eskaintza bat egin behar die eta ondoren eurek lan egiteko baimena eskatu behar dute atzerritarren bulegoan. Ematen dietenean, ez lehenago, kontratatu ditzakete. Bistan denez denbora guzti horretan enplegu-emaileak topatu du beste pertsona bat.
 
Aldi baterako bizilekua berritu ahal izateko bakarrik dauden adingabe atzerritarrek  adinez nagusi egiten direnean bizitzeko baliabideak badituztela frogatu behar dute. (bizilekua eskatzen duten aldi horretarako).
 
Zer egin dezakegu gizarte gisa gazte tutelatu ohien alde?
Guztiok egin dezakegu zerbait gazte tutelatu ohiak bezalako talde babesgabe baten alde. Gure jarreran egindako aldaketa pertsonal txikiek ere ondorioak izaten dituzte. Adibidez, gutako bakoitzak diskurtso eraikitzaile bat izatea erabaki dezake eta horrela gazte tutelatu ohienganako begirada aldaketa bat sustatu dezakegu gure inguruan, estereotipo eta aurreiritzietatik ihes eginez (adibidez, zurrumurruak ez zabalduz).
 
Azken hilabeteotan bakarrik dauden adingabe atzerritarren aurka sare sozialetan argitaraturiko mezu arrazistak gehitu egin dira. Espainiako Arrazakeria eta Xenofobiaren Behatokiak emandako datuen arabera eskuin muturretik datozen erasoek gazte migratzaileak kriminalizatzeko helburua dute eta gorrotoaren diskurtsoa eurengana indarrez zuzendu da.
 
Gazte migratzaile tutelatu ohiak zurrumurru, mito eta aurreiritzien helburu bilakatu dira. Oso beharrezkoa da gazte migratzaile tutelatu ohiei buruz desinformatzea helburu duten gezurrei erantzuna ematea. Estatistiketara eta datu ofizialetara jo dezakegu ideiak desegin eta talde honen benetako errealitatera gerturatzeko.
 
  • Faltsua da gazte migratzaileak delituak egitera datozela. Ez dago ikerketarik inmigrazioa eta delinkuentziaren arteko lotura hau bermatzen duenik. Hala ere biztanle gazte, migratzaile eta tutelatu ohiei buruzko gezur zabalduenetakoa bilakatu da.
 
  • Faltsua da ez dutela lanik egin nahi. Lan bat lortzea gazte migratzaile tutelatu ohien ardura handienetakoa da. Eta, berez, prozesu migratzaileari ekiteko motibazio nagusienetakoa ere bada. Gazte hauentzat lanari loturiko errealitatea aukera falta da, dokumentazioarekin trabak, lan-baldintza eskasak, kontraturik, eskubiderik eta bermerik gabe.
 
  • Faltsua da matxistak direla eta sexu-izaerako delituak egiten dituztela. Inmigrazioa eta sexu izaerako biolentzia matxista lotzen dituen diskurtsoa zabaldu bada ere, INE edo Emakumearen Institutua bezalako erakundeen datuek ezeztatu egiten dute. Gezurra izateaz gain taldeari min handia ematen dion aurreiritzia da.
 
  • Faltsua da dei efektuagatik eta bertako politika onengatik (“buenistas”) etortzen direla. Bada okerreko uste bat, gazteria migratzaile tutelatu ohia Europara, konkretuki Espainiara etortzen dela dei efektuagatik eta bertako politika “onengatik”. Ikusten duguna da benetan existitzen dena irteera efektu bat dela: euren herrialdeetako egoera da oso gazterik migratzera bultzatzen dituena. Egiaz ez dago politika errazik gazte migratzaileentzako: 18 urte betetzen dituzten momentutik etengabe kili kolo daude, dokumentazioa konpontzeko edo etxebizitza bat lortzeko.
 
Bestalde, komeni da argitzea baita ere gazte atzerritarren gizarteratzea eurentzat mesedegarria izateaz gain jasotzen dituen herrialdearentzat ere badela. Hala dio Defensor del Puebloren txostenak (“La contribución de la inmigración a la economía española“). Besteak beste nabarmentzen du Espainiako demografiaren zahartzeak bertako lan eskuaren gutxitzea ekarri duela. Testuinguru honetan migrazioa “ordezkapen demografikoa” bihurtu da, pentsio-sistemaren eta herrialdearen hazkunde ekonomikoaren mantentzea ziurtatzen duena.
Scroll to Top