Gatazka zailetan ohikoa izaten da elkarrizketak ezertarako balio ez duela dioten ahotsak entzutea: zorrotz eta gogor jardutea edo, Baketikek dioen bezala, indarraren metodoa dela beharrezkoa. Indarra erakustea gatazka suntsitzaileetan erabiltzen den metodoa da. Bertan inposizioa da gidari: arazoa eta honen irtenbideak ikusteko modu bakarra inposatzea indarraren argumentuarekin. Garaile eta galtzaileen agertoki bat sortzen du. Gatazka hurbilenetan mugak gainditzearekin edo harremanen muga etikoak haustearekin dago lotuta eta gatazka larrienetan indarkeriarekin batera agertzen da.
Metodo hau defendatzen dutenek elkarrizketaren proposamena faltsua, kaltegarria, inozoa eta alferrikakoa dela diote. Ikuspegi honek mesfidantza, aurreiritzi eta sinesmen edo bizipen autoritarioetan du oinarria.
Izan ere, elkarrizketaren metodoa egiaz zintzoa, onuragarria, errealitatean egoki oinarritua eta baliagarria da.
Elkarrizketaren metodoa lagungarria da interes ezberdinak kontuan hartzen dituzten aukerak bilatzeko, interdependentzian eta «bestearen» aitortzan oinarritzen da eta bazterkeriaren alternatiba da. Eragin prebentiboa du, sendagarria, blokeoa desegiten du eta erreparazioan laguntzen du. Gainera frogatua dago sekulako gaitasuna duela indarkeriazko egoerak, borroka suntsitzaileak eta bidegabekeriak eraldatzeko. Elkarrizketa bizikidetzaren eta pertsonen arteko harreman atsegingarri eta osasuntsuen bizkarrezurra da.
Edozein kasutan, elkarrizketa proposamen metodologiko bat baino gehiago da, gizakiak duen hoberenaz fidatzea eta hoberen horrek eragina izateko baldintzak sortzea dakar berekin.
Hortaz, zein metodo duzu nahiago?