Entzuteak sarraski bat saihestu du

Baketik-ek lehengo astean eskaini zuen ikastaroan giza duintasunari, elkarrizketari eta entzuteari buruz hitz egiten genuen beste hainbat gauzen artean.

Dalak ikastaroan parte hartu zuen eta mezu elektroniko bat bidali dit Atlantan izandako gertakari baten inguruan ikastaroan aipatutako guztiarekin lotuz. Berriaren arabera, arazo psikologikoak dituen 20 urteko gazte bat lehen hezkuntzako ikastetxe batean sartu zen sarraski berri bat eragiteko prest. Gazteak zioen inork ez zuela maite, inork ez ziola entzuten, bere egoeraren errua munduari egozten zion eta ziurtatzen zuen ez zitzaiola axola hiltzea.

Zorionez, ez zen hildakorik egon eta hori saihestu zuena ez zen poliziaren esku-hartzea izan ikastetxean zegoen emakume bat baizik, berarekin solasean gazteak bere burua entregatzea lortu zuena. Epaitu gabe entzun zion emakumeak lortu zuen hori, gaztearekin eta bere giza duintasunarekin konektatzea lortu zuen emakumeak. Beregan pertsona bat eta ez “hiltzaile ero” bat ikusten jakin zuen eta berak zioena norbaiti axola zitzaiola ikusarazten jakin zuen emakumeak. Gazteak une horretan ikusi ez arren beste alternatiba batzuk bazituela ikusarazi zion emakumeak. Berarekin egongo eta lagunduko ziola esan zion emakumeak.

Horrelako berriak, batez ere AEBetatik iristen zaizkigu. Eskuan armak hartuta ikastetxeetan sartu eta sarraski bereizi gabeak eragiten dituzten pertsonen inguruko gertakariak ohiko zerbait bilakatzen ari dira bertan.

Pentsatzen dut herrialde hartako “armen kulturak” zerikusi handia duela. Riflearen Elkarte Nazionalaren (NRA) arabera, “pertsona on bat arma batekin arma bat duen pertsona txar bat atxilo dezake” eta proposatzen du “eskoletan sarraskiak saihesteko ez dela kontrolatu behar pistolak bertara sartzea; aldiz, irakasleek pistolak eduki behar dituztela”. Neure buruari galdetzen diot ea zer gertatuko zen kasu honetan irakasleek ere armak izan balituzte.

Armak eskuratzeko dagoen erraztasuna faktoreetako bat da baina ez dut uste bakarra denik. Ez dakit zein neurritan baina, zenbait kasutan, beren bizitzako une jakin batzuetan, gauzak gaizki doazkienean, alternatibak ikusten ez dituztenean eta etsita daudenean entzungo eta lagunduko dien inor ez duten pertsonak badirela izan dezake zerikusia.

Berri honek hausnarrarazi dit ez hainbeste armen erabilpenaz entzutearen garrantziaz baizik. Lehengo asteko ikastaroan elkarrizketari buruz hitz egiterakoan esaten genuen ez dagoela elkarrizketarik entzuten ez baldin bada eta dugun arazoetako bat dela entzuteko zailtasunak ditugula. Uste dut pertsona guztiek sentitu izan dugula gure hitzak entzunak izateko beharra eta ez dugula beti aurkitu hori egingo zuen pertsona. Hala ere, pertsona hori aurkitu dugunean hobeto sentitu izan gara. Atlantako gertakari honetan, entzuteak sarraskia saihestu zuen eta, ziur aski, bizitzen jarraitzeko aukera eman dio erasotzaileari.

Pello Sarasua

Scroll to Top