Bakearen eraikuntzan sinergiak sustatzeko helburuarekin, Mugen Gainetik erakundearekin lankidetzan gabiltza Memoria, ikuspegi feminista lokal-global batetik, bizikidetza baketsua eraikitzeko tresna gisa proiektuaren baitan, Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin. Proiektu horren baitan egin den ikerketa aurkezten dugu oraingo honetan, Jone Otero Martínez (Borborka) ikertzaileak egina: Emakumeen parte-hartzea memoriaren eraikuntzan, Euskadiko eta Guatemalako esperientziak.
Emakumeen memoriaren narratibak ikusgai egiten laguntzea da argitalpen berri honen helburua. Izan ere, munduaren luze-zabaletara, emakumeek elkarrekin topatzeko, giza eskubideen urraketak ikusgai egiteko eta bide eta zubi berriak eraikitzeko moduak bultzatu dituzte. Elkarrekin dutena da emakumeen ahotsak ez direla beti entzunak izan: gatazkaren ondorengo eraikuntzan eta berreraikuntzan ezinbesteko pertsonak eta eragileak diren arren, ez da beti sortzen emakumeek benetan parte hartu ahal izateko espaziorik, non berariazko genero-begirada sartuta dagoen.
Ikerketa honen bi fokuak Guatemala eta Euskal Herria dira; hain zuzen ere, lurralde horiek Mugen Gainetik eta Baketik erakundeekin lotuta daude eta emakumeek motibazio politikoko indarkeria nola bizi dituzten ulertzeko kasutzat baliatu dira. Hala, emakumeen esperientziak konplexutasun osoan integratzen dituen begirada sakon batetik kontatu dira euren bizipenak. Irakurketak, sarritan, askotarikoak dira, dauden testuinguruak oso desberdinak direlako. Hala ere, orobat agerrarazi da arretaz entzuteak topaguneak eta hurbilak edo are komunak diren hautemateko moduak sortzen dituela, diferentziak gorabehera.
Horretarako, lana bi ataletan banatu da: alde batetik, Badakiguna. Hau da, beste pertsona eta erakunde batzuek errealitate honen inguruan sortu duten ezagutzaren irakurketa bat. Bestetik, Miaketa, zeinak, bere izenak adierazten duen moduan, emakumeen lekukotzak biltzen baititu eta denboran eta espazioan zeharreko elkarrizketa bat sortzeko txirikordatzen baititu.
Lan honekin gure nahia da giza eskubideetan oinarritutako memoria inklusibo baten aldeko bidean laguntzea. Horretan lanean jarraituko dugu.