Herri mailan Baketiketik bultzatzen ari garen elkarbizitza berreskuratzeko prozesuetan, ekintza ardatz nagusietako bat pertsonen arteko komunikazioa hobetzearena da. Komunikazio horrek funtzionatzeko gakoetako bat hizkuntza da, nahitaez.
Azken urteotako gure esperientzia xumeak erakutsi digu prozesurako erabiliko den edo diren hizkuntzak kudeatzeko moduak berak sortzen dituela sarri jendearen arteko lehen eztabaidak. Hau da, errespetuan oinarritutako elkarbizitza bat lortzeko helburuarekin pertsonen arteko adiskidetzea bada sustatu nahi duguna, zein hizkuntzatan egin behar dugu?, gaztelaniaz egin behar dugu guztiok ulertu eta hitz egiten dugun hizkuntza bat delako?, orduan, euskara bigarren postu batean gelditzen da?, dena egiten dugu gaztelaniaz eta euskaraz?…
Gure aldetik ez dago urrezko araurik, ezta beti funtzionatzen duen erregelarik ere, baino errespetu kontuez ari bagara hizkuntzarena ez da aldean uzteko gaia, inolaz ere, eta ezin da prozedura-modurako kontu soil bezala ulertu, are gutxiago kontutan izaten badugu gai honek objektiboki izan duen eta duen karga politiko eta emozional.
Herrietako esperientzietatik honen inguruan atera ditugun ondorioetako bat izan da, behin hizkuntzaren inguruan lasai hitz egin ahal izan denean eta batzuentzat eta besteentzat duen garrantziaren jabe izan direnean, errazagoa izan dela konponbide praktikoetara iristea. Halako edo besteko konponbideak ezarri nahi izateak, gaiaren inguruko aurre-elkarrizketarik gabe, ez du funtzionatzen, eta gainera jarrerak enkistatzen ditu.
Ondorioz: aldeek, izan zinegotzi edo herritarrak, gai honi heldu behar diote lehenago edo beranduago. Egin ez denean sortu dira ika-mikak eta gaizki-ulertuak, noizbait baita herritarren parte-hartzearen oztopatze partzial edo guztizkoa ere.
Iker Uson