Irakasleekin egiten ditugun ikastaroetan ulertzea kostatzen den gauza bat da garrantzitsuena samurra dela. Bizitzarako eta elkarbizitzarako hezkuntzak ez ditu behar formula sofistikatuak ez eta handiak ere. Oinarrizkoenaren potentziala baztertzera jotzen dugu oso ondo ez dakigun zerbaiten zain. Aurreko post-ean esaten nuen “ez dagoela makila magikorik hezkuntzan; baina geure buruak bilatzera jotzen du. Baldintzak baino ezin ditugu sortu. Hezkuntza ez da ekaitz perfektu baten ondorioa, sirimiri etengabe baten fruitua da”.
Behin eta berriz muin berdinetara itzultzen diren heziketa-ekintza samurren, bidez sortzen ditugu baldintzak. Giza-sakontasunaren altxorra gordetzen duten esperientzia- eta ikaskuntza-muin gutxi batzuetara itzultzen direnak.
Bizizikasi Pedagogia oinarrian duen Izan Proposamenak muin horiek lau puntu kardinaletan biltzen direla iradokitzen du: izaera mugatua, esker ona, kontzientzia eta giza duintasuna. Geuregan dauden eta hezkuntza-material nagusian bilakatzen diren bizipenak dira.
·Izaera mugatua onartzea, errealitatean kokatzen gaitu erabat zeharkatzen eta baldintzatzen duelako.
·Esker ona bilatzea, ona, ederra edo positiboa ikusteko eta zailtasunen artean aukerak hautatzeko askatasuna ematen digu.
·Kontzientzia entzutea, dogmatismo, egoismo edo haserre hutsa baino zerbait gehiago izatea aukeratzea ahalbidetzen digu.
·Giza duintasuna kokaatzea, balioak ordenean jartzen eta pertsonaren errespetuaren lehentasuna ulertzen laguntzen du.
Pertsona izaten hezitzea zer den labur azaltzeko eskatzen badidate gaur, hau litzateke neure erantzuna: “norberaren eta besteen izaera mugatua, esker ona, kontzientzia eta giza duintasuna behin eta berriro lantzen laguntzea da bizitzarako eta elkarbizitzarako hezkuntza”.
Jonan Fernandez