Mila esker, gero arte

Orain dela zazpi urte, 2006ko urrian, Baketik-eko egitasmoa prestatzen hasi nintzen Marinarekin batera. Iazko irailean eta urte beteko gogoetaren ostean, fundazio honentzat plan estrategiko berritua aurkeztu genuen jendaurrean. Duela egun batzuk, legealdi honetan Eusko Jaurlaritzaren barruan bakerako eta bizikidetzarako arlo berria koordinatzea proposatu zidan Lehendakariak eta onartu egin dut proposamena.

Edozein erabaki sendo hartzerakoan, egin nahi duguna, egin ahal duguna eta egin behar duguna elkartzen dira modu nahasian. Labirinto txiki horretan geure hautaketak egin behar ditugu ziurtasunik gabe, piska bat itsumustuka eta ondo egingo dugula espero izaten. Horrez gain, erabaki garrantzitsuetan, eta egiten den aukera egiten delarik, beti galtzen da zerbait.

Galtzen dudanaren artean Baketik dago, Elkarriren etapari amaiera eman ondoren neure bizitzako aukera pertsonala izan dena. Uzten dudanak sorrarazten dizkidan penak neuretzat gordetzen ditut. Hala ere, lasaitasuna eta itxaropena ematen didanari buruz zerbait esan nahiko nuke.

Baketik, gaur egun, egitasmo sendoa da eta duela gutxi berritu zen. Patronatu berria dauka eta bere estatutuak aldatu berri ditu frantziskotarren erakundearenganako bere autonomia egiaztatzeko eta, horrela, fundazio erabat independentea izateko.

Aldi berri honetan eta arrazoi ekonomikoengatik eta baliabideak optimizatzeko bere eguneroko egoitza Arantzazutik Tolosara eraman du. Orain kostu gutxiago suposatzeaz gain, bulego xumeagoa, egokiagoa eta bere zereginarekiko proportzionatuagoa dauka. Bere egoera ekonomikoa osasuntsua da. 2012. urtea zorrik gabe itxi du eta 2013ari zalantzekin baina horiei aurre egiteko tresnekin ekin dio.

Baketik-ek Gizarte Kontseilua dauka, une bakoitzean behar denean laguntzeko prest dauden 50 kolaboratzailez osatua. Bazkide eta laguntzaile ekonomikoak ditu eta bere kopurua oraindik urria den arren bere laguntza ezinbestekoa da. Bere erronketako bat hurrengo urteetarako laguntzaile horien kopurua handitzea da, hain zuzen ere.

Baketik-ek hurrengo bost urteetarako plan estrategikoa dauka definitua, idatzia eta onartua: Dinamo Proposamena. Egitasmo horrek sei jarduera-eremu garbi dauzka: (1) garapen pertsonala, (2) hezkuntza, (3) bakea eta bizikidetza, (4) etika eta enpresa, (5) bitartekaritza, eta (6) elkartasuna.

Bukaerarako uzten dut garrantzitsuena. Baketik-en pertsona-talde bikaina geratzen da. Marina, Pello, Kristina eta Maribi egitasmoa bere osotasunean eramaten, eta May eta Elena Antzerki-Forumarekin. Laister beste pertsona bat elkartuko da zuzendari funtzioa betetzeko.

Konfiantza osoa dut Baketik-en etorkizunean bere egitasmoak oinarri sendoak dituelako eta bultzatzeko prest dagoen talde ona duelako. Hitz gutxitan definitu behar izango banu talde hau (eremu pribaturako gordez kontu afektiboak), gauza bakarra esango nuke: “txorakeriarik gabeko pertsona-talde bat da”. Neuretzat, hori da pertsona edo talde bati egin dakiokeen goraipamenik onena.

Bi gauza eranstea baino ez zait gelditzen. Lehenengoa “mila esker” da. Mila esker talde honi, Patronatu berriari, Gizarte Kontseiluari, mila esker Baketik-i eta mila esker fundazio honen ekimenetan parte hartu eta Baketik orain dena egin duten milaka lagunetako bakoitzari eta guztiei. Bigarrena “gero arte” da. Ez dakigu ezer etorkizunaz. Gauden tokian gaudela, geure esku dagoenarekin mundu hobeago baten alde egiteko baldintzak baino ezin ditugu sortu.

Jonan Fernandez

Scroll to Top