Duela gutxi, Gizarte Mentoretzako Estatuko Jardunaldia egin da Madrilen, CMSk (Gizarte Mentoretzako Estatuko Koordinatzailea) antolatuta, Mentoriaren Nazioarteko Egunarekin batera. Baketik-ek jardunaldi hau babestu nahi izan du eta horregatik Baketik-eko zuzendaria, talde teknikoa eta Izeba Proiektuko bi boluntario bertan izan gara.
Baketik-en oso positibotzat jotzen dugu elkarlanerako espazio honetan egindako urratsa, non gizarte-mentoretza eraldaketa sozialerako funtsezko tresna gisa aldarrikatu zen. Ondorio gisa, ekitaldi honen inguruan ditugun hausnarketak zuekin partekatu nahi ditugu. Laburbilduz, Baketik-etik honako hauen garrantzia azpimarratzen dugu:
- Herri-administrazioen aurrean gizarte-mentoretza eta haren onurak ikusaraztea eta erakundeen babesa indartzea.
- Sareak ehuntzeko lankidetza-, ikaskuntza- eta truke-guneetan parte hartzea.
- Hainbat gizarte-erakundetako mentoreen eta mentoratuen kontakizunak eta istorioak entzutea.
- Mentoretza-programetan kalitate metodologikoa bermatzea eta horien inpaktu-azterketetan aurrera egitea.
- Horrelako jardunaldiak, gure gizartean eskubide sozialak indartzen aurrera egiteko.