Giza eskubideen inguruko konferentzia-zikloa

Aurreko sarreretan aipatu izan dugun moduan, aurten 70 urte dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu zela. Urteurrenek nahitaez garamatzate hausnartzera eta atzera begiratzera; eta, berez ariketa ona dena, are hobea izan daiteke akatsetatik ikasi eta etorkizunerako erronka berriak jartzeko helburuz egiten badugu. Aurten, Baketiken, giza eskubideen inguruko galderei erantzuna ematen saiatzeko erronka hartu dugu.

Horretarako, Baketikek eta Donostiako San Telmo Museoak herritar guztiei zabaldutako konferentzia-ziklo bat antolatu du; hitzaldiak urtean zehar eskainiko dira, ekainetik abendura, San Telmo Museoan bertan.

Ziklo honekin saiatuko gara giza eskubideen gaurkotasun eta baliagarritasunaren inguruko begiradak eskaintzen, maila globalean zein gure inguru hurbilenean; giza eskubideen auzian 70 urtetan erdietsi diren lorpenen eta oraindik lortzeke dauden erronken inguruan hausnartuko dugu; eta mundu justuago bat eraikitzeko giza eskubideek duten ahalmen askatzailea aztertzen saiatuko gara.

Konferentzia-zikloa hitzaldi eta mahai-inguru hauekin hasiko da, Gipuzkoako SOS Arrazakeria-rekin lankidetzan antolatuta eta Giza eskubideak, hiritartasuna eta aniztasuna” izenburupean:

 

Ekainak 12, 19:00 · Gaztelaniaz
Javier de Lucas,
Zuzenbidearen Filosofia eta Filosofia Politikoaren katedraduna Valentziako Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuan


Ekainak 13, 19:00 ·
Euskaraz · Itzulpenarekin
Rafael Sainz de Rozas,
Arartekoaren bulegoa
Maitane Arnoso,
Gipuzkoako SOS Arrazakeria-ko lehendakaria
Moderatzailea: Xabier Aierdi

Zikloak urrian jarraituko du eta proposamen gehiago ekarriko ditugu esparru horretan lan egiten duten beste euskal erakundeekin lankidetzan: SOS Arrazakeria, UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedra, Hegoa EHUko Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua, Argituz Giza Eskubideen aldeko elkartea eta Amnistia Internazionala.

 

Interesa duen edonor animatzen dugu ziklo honetan parte hartzera eta giza eskubideen inguruko begirada eta ikuspegi ezberdinen inguruko hausnarketarekin bat egitera.

Scroll to Top