Formakuntza prozesuak
Hainbat eragileri laguntzen diegu beren jakintzak sendotzen, eraldaketa pertsonala, kolektiboa eta soziala sustatuz. Kontzientzia hartzeko eta ikuspegi kritikoak eraikitzeko prestakuntza-prozesuak garatzen ditugu.
Online ikastaroak
Komunikazioa eta bitartekaritza gatazken lantze etikorako
Ikastaro honen helburua gatazka egoeretan lagunduko diguten tresnak geureganatzea da; zehazki komunikazioa ikuspuntu sistemiko batetik lantzea eta bitartekaritza prozesuen giltzak ezagutzea.
Komunikazioa, erreminta eraginkorra eta boteretsua da gatazka egoeretan tentsioak askatzeko eta konponbiderako aukerak bilatzeko. Era berean, bitartekaritzak, bide prebentibo, alternatibo edo osagarri bezala, jarrera eta metodologia zehatzak eskaintzen dizkigu konponbide partekatuak bilatzeko.
Ikastaroan zehar komunikazioa eta bitartekaritza landuko ditugu gatazkaren lanketa etikoa bilatzeko. Ikaskuntza prozesua garatzeko honako puntu hauei erreparatuko diegu:
- Non kokatzen gara gatazka baten aurrean, dela gure bizitza pertsonalean, dela lanean edo gure bizitzako esparruan?
- Nola kudeatzen dugu komunikazio prozesua gatazka egoera batean?
- Zeintzuk dira guk geuk ditugun baliabideak eta komunikaziorako gaitasunak gatazka egoera bat gainditzeko?
- Zer da bitartekaritza eta noiz izan daiteke lagungarri? Bitartekari bezala, ze jarrera eta gaitasun behar ditugu?
Zinema gizartea eraldatzeko tresna didaktiko gisa
Ikastaro honen bidez, hezkuntza komunitateko pertsonei orientabide eta tresna batzuk eskaini nahi zaizkie, zinema prozesu pedagogikoetan eta ikaskuntza prozesuetan erabiltzeko.
Edukiak:
- Zinemaren erabilera didaktikorako jarraibideak.
- Begiratu eta aztertu.
- Praktika: gida didaktiko bat egitea.
- Adibideak eta baliabideak.
Aurrez aurreko ikastaroak
Baketik-ek lan egiten duen esparruei buruzko ikastaro espezializatuak eskaintzen ditu: gatazkak konpontzea, giza eskubideak, sormenezko tresnak eta antzerkia, mentoretza, 2030 Agenda …
Jarri harremanetan Baketik-ekin informazio gehiago lortzeko edo prestakuntza-eskaera zehatzak egiteko.
Izan Proposamena
Nola hezi neure burua eta besteak pertsona izaten?
Erronka honi erantzun nahi dio hezkuntza-proposamen honek. Geure burua eta besteak pertsona izaten hezteko baliabide teorikoak eta praktikoak eskaintzea da bere helburua. Xede horrekin, bere edukia zortzi ikaskuntzetan oinarritzen da, eta geure buruarekin eta besteekin hobeto bizitzeko eta hobeto hezteko pedagogia etikobat eskaintzen du. Pertsona izaten geure buruak eta besteak hezteko modu erabakigarrian laguntzen duten ikaskuntzako zortzi esperientzia zehatzen bizipena iradokitzen du.
Bere oinarria, edukia eta xedea pertsona izateko ikaskuntzan kokatzen duenez, Izan proposamena gaitasunen hezkuntza bultzatzeko Europako korronteari egindako ekarria da, LOE-k jasotzen dituen Europako Batzordeak definitutako funtsezko zortzi gaitasunak garatzen diren hiru esparru nagusienak sakontzen baititu: perstonaren garapena, harremana eta elkarreragina, eta adierazpena eta komunikazioa.
Bi alderdi ondo bereiziak ditu Izan proposamenak, material eta helburu bereiztuekin: bere oinarri teorikoak eta proposamen praktikoak.