Baketik-ek, AIPAZeko kide den aldetik, bere egiten eta zabaltzen du adierazpen hau operazio militarrak berehala bertan behera uzteko, gerraren amaiera eta giza eskubide guztien defentsarekin erantzutea eskatzeko.
Bakearen aldeko Ikerketarako Espainiako Elkarteak (AIPAZ) deitoratu eta gaitzetsi egiten ditu Errusiak Ukrainan egindako eraso militarra eta Ekialdeko Europako eremu horretan duela zenbait astez gertatzen ari den eskalada militarra, herrialde askoren gastu militar esponentziala handitzen ari den testuinguru honetan, suntsipen-ahalmen handiko arma nuklearrak barne. Arma-ekoizpenaren eta -merkataritzaren negozioa gerraren sustrai iraunkorrenetako bat dela identifikatu eta salatzen dugu.
Operazio militar hauek Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa, Nazio Batuen Erakundearen Gutuna eta Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala urratzen dituzte, baita herrialdeak NBE sortzera bultzatu zituen espiritua eta nazioarteko hainbat itun ere. Operazio militar hauek nazioarteko krimentzat har daitezke, Nazioarteko Zigor Gortearen Estatutuan xedatutakoaren arabera.
Gainera, gatazka honetan oso kezkagarria da arrisku nuklearra, Ukrainan zenbait zentral nuklear daudelako, eta, gatazkak kontrolik gabe mailaz maila gora eginez gero, arma nuklearrak erabiltzeko tentazioa dago, eta horrek hondamendi humanitarioa ekarriko luke.
Pertsonen bizitza eta Zuzenbide-estatuak nazioartean onartutako gainerako giza eskubideak eta askatasunak erdigunean jarriz, eta bizitza eta ekosistema biologiko eta soziala zainduz, operazio militarrak berehala bertan behera uztea eta gerra amaitzea eskatzen dugu. Baita ere, zuzenean edo zeharka tartean dauden herrialde guztiek Nazioarteko Zuzenbidea errespetatzea eskatzen dugu. Segurtasuna eta bakea bermatu behar da, nazioarteko itunen bidez hartutako nazioarteko konpromisoak betez eta, ondorioz, nazioarteko elkarrizketara eta bitartekaritzara itzultzea gatazka modu baketsuan konpontzeko, Nazioarteko Eztabaidak Era Baketsuan Ebazteko 1907ko Hagako Konbentzioak eta Nazio Batuen Erakundearen Gutunak, Estatutuek eta Ebazpenek xedatzen duten bezala.
2022ko otsailaren 24a