Izeba Proiektuak gizarte-mentoretzako kalitatearen MC Zigilua lortu du

Baketik Fundaziotik sustatzen dugun Izeba Proiektutik, kalitatezko mentoretza sozialaren aldeko apustu sendoa egiten dugu. Aurten, Estatuko Gizarte Mentoretzako Koordinakundeak ezarritako kalitate estandarrak bete direla aurkeztu, ikuskatu eta egiaztatu dugu, eta, hala, MC Zigilua lortu dugu.

Izeba Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden adingabeen osaba-izeba gisa aritzea onartzen duten pertsonen edo familien sarea da, mentoretza-harremanetan oinarritua. Baketik Fundazioak GFAko Gizarte Politiketako Sailarekin lankidetzan sustatutako proiektua da, eta, oro har, harrera-etxeetan hainbat arrazoirengatik bizi diren haur eta nerabeen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea du helburu. Horrela, pertsona mentoratu bakoitzak lotura bat eraikitzen du erreferentziako pertsona edo familia batekin, erakundeek eta bizitoki duten harrera-zentroek euren garapen eta integraziorako egiten duten ahalegina osatzeko.

MC Zigilua Gizarte Mentoretzako koordinakundeak kolektibo zaurgarriekin lan egiten duten mota guztietako mentoretza-programen kalitate metodologikoa ebaluatu eta hobetzeko diseinatutako kalitate-sistema da. MC zigiluaren balioa 3 urtekoa da. Egiaztatze-prozesuari esker, ikuspegi metodologikotik baloratu ahal izan dugu mentoretzaren kalitatea.

Zientifikoki baliozkotutako nazioarteko kalitate-estandarrak sistematizatzeko lan batetik sortu da MC Zigilua, bai eta finkatutako mentoretza-proiektuekin alderatzetik ere, atalase zorrotza eta, aldi berean, Estatuaren testuingururako egokia ezartzeko. Lan honen emaitza ebaluazio eredu bat da, mentoretza proiektu baten faseetatik abiatzen dena eta kalitate metodologikoa egiaztatzeko 10 baldintza ezartzen dituena. Baldintza bakoitzerako estandar multzo bat eskatzen da.

Kalitate sistemak bi egiaztapen maila ezartzen ditu: MC Zigilua eta MC+ Zigilua. Ikuskapen-prozesu baten bidez, MC Zigiluan ezarritako kalitate-estandarren betetzea baliozkotu dugu. Betetze maila egiaztatzeko, dokumentuak berrikusi dira eta elkarrizketak egin dira proiektuan parte hartzen duten teknikari eta aholkulariekin.

Akreditazio hori harrotasunez jaso dugu Baketik-en, eta eskerrak eman nahi dizkiegu talde teknikoari eta Izeba-familia guztiari, proiektu hau eta MC Zigilua lortzea posible egin dutelako. Eskerrak eman nahi dizkiogu, halaber, Gizarte Mentoretzako Koordinakundeari prozesu horretan laguntzeagatik, gure esku-hartzea hobetzen jarraitu ahal izan baitugu.

MC/MC+ zigiluari buruz gehiago jakin nahi baduzue, www.qualitymentoring.org-en sartu zaitezkete. Eta gizarte-mentoretzako proiekturen bat baduzue, egin zalantzarik gabe web-orrian aurkituko duzuen autoebaluazio-testa!

Scroll to Top