Txanpon beraren bi alde

Lau urte bete dira Mexikon Alejandraren eta Cesarren ezkontzan izan nintzenetik. Aste betez Socorritoren etxean egon nintzen, Alejandraren amonaren etxean. Egun zoriontsuak izan ziren eta familiako kide bat gehiago bezala sentitu nintzen.

Astelehenean mezu gazi-gozo bat jaso nuen Mexikotik. Batetik, larunbatean, Alejandraren eta Cesarren lehenengo semea Iker izenekoa jaio zela esaten zidaten eta, bestetik, igandean, Socorrito hil zela. Bizitza eta heriotza, txanpon beraren bi aldeak. Batek ez du zentzurik bestea gabe.

Mexikon egin ditudan egonaldietatik harridura gehien sortu izan didan gauza hildakoen eguna, azaroaren 1a eta 2a, nola ospatzen duten izan da. Mexikon lehenengoz egun horiek nola bizi izan nituen gogoratzen dut. Alejandraren familiak kanposantura joatera gonbidatu ninduen eta iritsitakoan dena musika eta kolorea zen. Kanpoan denetarik saltzen zuten postuak zeuden eta behin barruan, txundituta utzi ninduen hilobiaren aurrean elkarturik zeuden familia osoak, jaten, kitarra jotzen, abesten eta barrez. Hemen bizi dugunarekin alderatuz alde izugarria.

Hemen, azaroaren 1a egun nahiko tristea izaten da, hil den norbait edo falta zaigun norbait gogoratzen dugu. Han ordea, beraiekin bizi izan den norbait gogoratzen dute. Beraiek uste dute egun horretan hildakoaren arima itzultzen dela eta elkarrekin ospatzen dute hildakoari gustatzen zitzaizkion janari-edariak dastatuz eta bere abesti kuttunenak abestuz. Egoera hori bizitzeko bi era dira. Batzuek izaera mugatutik bizi dugu eta besteek esker onetik. Txanpon beraren bi aldeak.

Ikerrek eta Socorritok egun bakarra partekatu dute mundu honetan baina ez dute elkar ezagutu. Dena dela, ziur nago Ikerrek jakingo duela Socorrito nor zen Alejandrak, Cesarrek eta beste guztiek kontatuko diotelako eta elkarrekin ospatuko dutelako.

Oharra: Aste honetan Errealak 4-0 irabazi dio Vallecas-eko Rayo-ri eta Carlitos Vela mexikarrak bi gol egin zituen, bat Socorritorentzat eta bestea Ikerrentzat. Velak ez daki baina neuk bai. Alejandra eta Cesar mexikar peto-petoak dira… eta Errealekoak.

Pello Sarasua

Scroll to Top