Dilema bat

Realak Champions-eko partida bat jokatuko du azaroan Manchesterren aurka, Ingalaterran. Partida handi bat zelai historiko batean. Askotan amestu eta azkenik errealitate egingo dena.

Duela egun batzuk, 4.000 sarrera eskas jarri ziren salgai. Eskaera handiagoa izango zela espero zen eta joan nahi zuten pertsona guztiek sarrerarik lortuko ez zutela-eta, sarrera erosterakoan, 2007a baino lehen abonatutakoei lehentasuna ematea erabaki zuen Realak taldea Bigarren mailan egon zen urteetako fideltasuna eskertzeko asmoz.

Egoera honentzat dilema bat jarriko dugu mahai gainean. Baldintzak betetzen dituen abonatu batek Manchesterrera ez joatea erabaki du. Bere lagun bat ez da inoiz izan abonatua eta abonatuari bere txartela eskatzen dio sarrera erosteko, bestela sarrera lortzeko aukerarik izango ez duelako.

Bere lagunaren eskaerak dilema baten aurrean jartzen du abonatua. Erantzun bat eman behar dio eta hauek dira esku artean dituen alternatibak:

a) Abonu-txartela uzten badio ondo geratzen da bere lagunarekin baina 2007a baino lehenago abonatuak zirenak eta sarrera lortzeko ordu luzez ilaran egon ondoren sarrerarik gabe geratzen diren pertsonak egon daitezke, bere laguna partida ikustera doan bitartean. Egoera horretan jartzen da eta pentsatzen du ez litzaiokeela gustatuko, duela 10 urte baino gehiago abonatua izanik eta sarrera erosteko ilara luzea egin ondoren partidara joan gabe geratu dela jakitea, abonatuak izan gabe sarrera modu irregularrean lortu dituzten pertsonak egon direlako.

b) Lagunari ez badio abonua uzten, ez da ondo geratzen berarekin. Ulertzen duela esango diola badaki eta ziur dago egia esaten ari zaiola; baina, bestetik, pentsatzen du bere lagunaren ordez ezagutzen ez duen pertsona bat joango dela. Beraz, ezezagun bati mesede egiten ari da lagunari egin ordez.


c) Bere lagunari ez esateagatik eskatzen diona ez zaiola ondo iruditzen, beste pertsona bati utzi diola, sentitzen duela eta berandu iritsi dela esan diezaioke. Kasu horretan lagunarekin ondo geratzen da eta hirugarren bati ez dio “kalterik egiten”.

Ba, besterik ez, azkenik abonatuak lagunari deitu eta zer erabaki duen esan beharko dio: a, b edo c.

Pello

Scroll to Top