Maider Maraña – Baketik Fundazioa
Gaur Memoriaren Eguna ospatzen da. Urtero bezala, instantzia publikoetatik eta esparru politikoetatik, bai eta gizarte honetako pertsonen borondatea ordezkatzen duten dozenaka erakundeetatik ere, memoriaren garrantzia azpimarratzen saiatzen gara. Egun hau aprobetxatu nahi dugu gogorarazteko beharrezkoa dela bermatzea bizi izandakoaren, iraganean markatu gintuzten eta oraindik gure errealitatean dauden gertaeren ezagutza ez galtzea.
Ordea, askotan, memoria gauza ia “boluntario” gisa bizi ohi da, konpromiso pertsonal bezala, eta unean uneko agintarien borondatearen edo norberaren etikaren eta erabakiaren mende dago.
Egiaz, memoria, batez ere giza eskubideen urraketa larriei lotutako prozesuetan, trantsizio-justizia izenekoaren bosgarren zutabea da: egia, justizia, erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeekin batera, memoria ezinbestekoa da indarkeriak zeharkatutako egoera eta prozesuetatik irteteko.
Hala, memoria ez da hautazkoa: erakundeentzako betebeharra da. Horixe gogorarazi digute behin baino gehiagotan Nazio Batuetatik. Eta aspaldikoa edo jada ezaguna den zerbait izan ordez, gaurkotasun osoa izaten jarraitzen du: duela 4 hilabete baino ez, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Fabián Salvioli Errelatore Eereziak aurkeztutako txostena aztertu zuen, Estatuek eta beste agente batzuek memorializazio-prozesuen arloan dituzten betebeharrak ulertzeko beharrari buruzkoa.
Hala, 2020ko uztailaren 9an, Nazio Batuetan aurkeztu zen txosten honetan, beste behin ere azpimarratzen da memoria “ezinbesteko tresna dela gizarteak gorrotoaren eta gatazkaren logikatik atera ahal izateko”. Oroimena, gertatutakoa ezagutzea eta errealitate kultural eta pedagogikoetara eramatea, ezinbestekoa da norgehiagokaz besteko printzipioetan oinarritutako gizartea eraikitzeko, bai eta iraganaren ulermenari eta gure egunerokotasunari buruzko eztabaidak gaitzeko ere.
Baina, oroimenak gizarte-konpromiso demokratikoak hartzen dituzten gizarteen eraikuntza indartu dezan, manikeismo eta irakurketa sinplifikatuetatik ihes egin beharko du: aurrez aurre dauden logika dikotomikoak ez ezartzea, baizik eta gizarte ororen ezaugarri diren ikuspegi multifokalak ikusaraztea. Azken finean, memoria ezin da “borroka-eremu” berria izan.
Hau guztia jada gainditu dela baieztatzen duten begiraden aurrean, Nazio Batuen Errelatore Bereziak joan den uztailean gogorarazi zigun memoria “komunitate baten berreraikitze demokratikoaren” prozesuen baitan dagoela eta bide hori “hainbat hamarkadatan neur daitekeela, baita belaunalditan ere”.
Beraz, ibiltzen jarraitu behar dugu, memoriak duen gaurkotasuna ikusarazten dituen logikak eraikiz.