Hil honetan 70 urte bete dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu zenetik; efemerideak ezinbestean jartzen gaitu eskubide horien ibilbidearen, egungo egoeraren, eta etorkizuneko erronken analisia egiteko atakan. Zenbaitek esango du, duela 70 urte baino hobeto gaudela, zalantzarik gabe. Itxura batera hala irudi lezake eta, aitortu behar da, Adierazpenak iparra seinalatzeko balio izan duela nolabait, helmuga bat jarri duela. Izen-abizenak ipini dizkio utopiari, aldakorra den utopiari, izan ere giza-eskubideak hazten doaz, gehitzen eta eskaera berriekin aberasten.
Baina, Adierazpena osatzen duten artikuluak banan bana irakurtzen hasten garenean, aurretik geneukan iritzi baikor hori, kolokan jartzen da ezinbestean. Bigarren artikuluak eskubide eta betebehar berak onartzen dizkio pertsona orori, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo beste edozein motatako, jatorri nazional edo sozial, posizio ekonomiko, jaiotza edo beste edozein baldintzagatiko bereizketarik gabe. Gainera, denok dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, bai eta pentsamendu edo kontzientzia askatasuna ere; pertsona orok du nazionalitate baterako eskubidea eta edozein herrialdetan babesa bilatu eta onartua izateko eskubidea; pertsona orok du lanerako eskubidea eta lan beragatik soldata bera jasotzekoa, bai eta atsedenerako eskubidea ere; hutsegitez akusatutako pertsona orok eskubidea dauka errugabetasun presuntziorako, erruduntasuna frogatzen ez den artean; pertsona orok du hezkuntzarako eskubidea, etab. Orain, ireki edozein egunkari edo aztertu edozein albistegi, eta bilatu eskubide urraketen adibideak. Ez dizue luze emango ariketa betetzeak.
Argi dago badirela gure esku ez dauden gauzak. Baina gauza asko dago gure esku ere. Gutako bakoitzak gure aletxoa jar dezakegu mundua eta bizitza bera eramangarriagoa eta atseginagoa izan dadin guztiontzat. Borroka dezagun gure eskubideen alde, baina har dezagun gure betebeharren ardura ere, urraketak salatuz eta gure inguru gertuenean daudenen eskubideak defendatuz: gure auzoan, gure eskoletan, gure kaleetan, komunikabideetan, gure gertuko gobernuetan. Eskubideak denonak dira, betebeharrak ere bai.