Eragile ugarik osatzen dituzte gure gizarteak: instituzionalak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak… Baina askotan ahaztu egiten zaigu mapa horretan eragile eraldatzaile handi bat sartzea: boluntarioak.
Boluntarioak munduan zehar beren denbora eta esperientzia, libreki eta musu-truk, elkartasun-lana egiteko eskaintzen dituzten pertsonak dira, beste pertsona batzuekin elkartzen direnak gizartea eraldatzeko eta mundu hobea eraikitzeko (Gizalde). Azken finean, boluntarioek konpromiso soziala hartzen dute eta gure inguruan beharrezkoak diren aldaketetan parte hartzearen aldeko apustua egiten dute.
Kontuan hartuta boluntarioek osatzen duten giza marea hori oso esparru desberdinetara iristen dela, hala nola, egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzea, gizarte-laguntza, kultura-jarduerak bultzatzea edo egoera onartezinak salatzea, logikoa dirudi pentsatzea herrialdeek 2030 Agendaren bidez onartu zituzten konpromisoetan ere rol bat dutela.
Hala ere, Gizalderekin lankidetzan, konturatu ginen boluntarioek duten eraldatze-gaitasuna ez zela behar bezala islatu nazioarteko hitzarmen handi honetan: 2030 Agendak paragrafo batean aipatzen ditu gainetik boluntarioak, testu unibertsal hori ezartzeko bitartekoen barruan, baina gero haien lana lausotu egiten da Agendaren helburu eta jomugetan.
Horregatik, garrantzitsua da gogoraraztea boluntarioak eraldaketa soziala bultzatzen ari direla Agendaren ezartzea osatuz, boluntarioek gizalegezko konpromisoa indartzen duten heinean, eta gurea bezalako gizarte indibidualista batean gogorarazten digute babestu eta defendatu behar dugun kolektibo baten parte garela.
Boluntarioak, askotan, gehiago jabetzen dira inklusio sozialean ditugun hutsuneez, eta, elkartasunaren bidez, agerian uzten dute denok ez ditugula gure garapenaren onurak probesten modu berean.
Boluntarioen konpromisoak askotan balio du gure errealitatearekin eroso gaudenoi gogorarazteko pertsona batzuek muturreko egoerei aurre egin behar dietela: boluntarioek gizarte desberdinetan bizitzen jarraitzen dugula erakusten digu, eta 2030 Agendak proposatzen duen “ez utzi inor atzean” leloa errealitate bihurtuko dela soilik eguneroko diskriminazioen aurka borrokatzea geure lan gisa hartzen badugu.
Boluntarioak, beraz, ezinbestekoak dira portaera eta jarrera solidarioak sustatzeko eta pertsonak sinisten dutenaren alde borrokatzera mobilizatzeko. Boluntariotza geure buruei begiratzeko ispilu gardena da.
Eta, era berean, boluntario-lana, askotan, agente bakarra izaten da talde zaurgarrienek edo agintarien aurrean beren ahotsa entzunarazi ezin dutenek aurre egiten dieten egoerak publikoki salatzeko orduan.
Hala, nahiz eta 2030 Agendak ez duen berariaz aipatzen, bistan da inoiz ez dela osorik beteko gizarte-eragile guztiak ez badaude bertan, beren borondatezko denbora mundu hau aldatzeko erabiltzeko konpromisoa hartzen duten pertsona guztiak ere modu argi eta sendoan barne.
Maider Maraña – Baketik
Laguntzailea: Eusko Jaurlaritza – Lehendakaritza