Izan Proposamenari buruzko ikastaroak eskainiz, bokazio handia duten irakasleekin egiten dut topo. Irakasle horiek kezkatzen eta laguntzen dituen tristura sentitzen dute beren helduaroan. Egiten duten lanak gutxirako balio duela sentitzen dute eta ziurtasun hori gailentzen doa. Bizipen horretan desiorik onenak jarri ziren tokian gertatutako zenbait porrot, fruitu argiak ikustea lortzen ez duen etsipenaren esperientzia, beti abiapuntuan gaudela sentitzearen frustrazioa eta abar sartzen dira jokoan.
Edozein lan eraldatzaileren eraginkortasunaren krisiaz ari gara. Heldutasunera jauzia egitera edo dimisiora eramango duen krisia izan daiteke. Bigarren hipotesi honetan, ageriko eraginkortasunaren faltak atzera egitera bultzatzen du.
Egonezin horren aurrean dilema bati aurre egitea da erantzuna. Eraginkortasunaren eta zentzuaren artean aukeratu behar dugu. Non kokatzen dugu ardatza: eraginkortasun-espektatiba batean, hau da, emaitza irmoetan eta ozenetan; edo egiten dugunak bere horretan duen zentzuan?
Geure lanaren emaitza zein izango den jakin ahal izan gabe hezteak zentzua al dauka? Zentzua dauka. Zein da lan horren espektatiba? Baldintzak sortzea. Hezkuntzan itxaropenik altuena ahalbidetuko duten baldintzak sortzea: pertsonaren autonomia, giza duintasuna sustatzea eta mundu hobeago baten aldeko ekarria.
Horixe da gako nagusia. Baldintzak baino ezin ditugu sortu. Eginkizun eraldatzaile batekin konpromisoa duen edozein pertsonak eraginkortasunaren krisiari egin behar dio aurre eta bere espektatibei buruz gogoeta kritikoa egin. Irakasleek bereziki modu zuzenean eta argian egiteko beharra dute. Itxaropenik altuenarekin eta helburu xumeenarekin lan egin: baldintzak sortzea.
Jonan Fernandez