Duela gutxi, Giza Eskubideen Adierazpenaren urteurrenaren harira, biktimei errekonozimendu anitza eta bateratzailea egiteko moduari buruzko zatiketa politikoak eta alderdikoiak piztu ziren berriz ere. Aurrerapen garrantzitsuak ere egon ziren. Edonola ere, zatiketa politikoak berriro zabaldu ezin dituen zauri nabariak daude. Beharrezkoa eta posiblea da beste urrats bat ematea.
Aurrera egiteko eta biktimen gaian egin daitekeenari eta egin ezin denari buruzko oinarrizko konpromisoak adosteko momentu ona da. Legealdi berri honen hasieran, indar politikoen arteko elkarrizketak beste puntu bat izan zezakeen bere gai-zerrendan: biktimenganako elkartasunari buruzko kode etikoa adostea. Eskatzera ez mugatzeko eta zerbait eskaintzeko, bere edukia definitzen hasteko abiapuntu bezala hiru oinarri iradokitzen ditut:
Begi-bistakoa egitea eta elkartasuna
Elkartasuna da lehenbizikoa. Ezin dugu ez ikusiarena egin, edo jasan duten tragediaren aurrean begiak itxi. Entzuteko, biktimen ondoan egoteko eta sostengua emateko konpromisoa hartu behar dugu denok. Ohartu behar dugu nolako mina jasan duten eta, ahal den heinean, arintzen saiatu, giza eskubideen inongo urraketarik baztertu, nahastu, konparatu eta parekatu gabe. Herritar garen aldetik, biktimen aldeko sostengua pertsonalizatu beharko dugu. Talde bezala, elkartasuna sozializatu eta bistaratu beharko da, eta bake eta humanizazio kultura zabaldu.
Ez jabetzea eta aldeaniztasuna
Inor ezin da jabetu biktimen kausaz. Inork ez du sufrimenduaren esklusiba. Inork ez ditu biktimak etsaiaren kontrako armatzat edo tresnatzat hartu. Inork ez ditu lotu behar biktimak iritzi politiko jakin batekin. Gizarte guztian bezala, biktimen artean ere, gehien sufritu dutenen artean ere ideia eta sentsibilitate desberdinak daude, aniztasuna dago. Biktimekiko elkartasuna dohainik eskaini behar da, ez zerbaiten truke, ez alderdi edo jarrera politiko bati loturik. Bakoitzak defendatzen duen jarrera politikoa edozein izanda ere eskaini behar da biktimekiko elkartasun hori, horretarako arrazoi bakar bat dugula: giza duintasunaren aldeko konpromisoa.
Biktimizaziorik ez eta batasuna
Ezin ditugu lotu elkartasunezko prozesuak edo ekimenak inongo biktimismo erarekin, horrek bere sufrimendua eta biktimizazioa luzatzen baitu. Geure zatiketa politikoak ere luzaten du bere izenean aurrez aurre jartzen garenean. Egiaren errekonozimendua defendatu behar dugu elkarrekin, biktimen egoera ahalik gehiena zuzentzeko prozesua, iraganaren memoria kritikoa, eta kontziliazio testuinguru bat. Biktimekin zerikusia duen guztian, krispaziorik gabeko jarrera bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu. Beren alde egiten dugun guztian, adostasunean oinarritzeko eta, bereizten gaituenaren gainetik, batzen gaituena bilatzeko konpromisoa hartzen dugu.
Jonan Fernandez