Sinopsia
Finbar McBridek pasio bakarra du: trenak. Bere lankidearen eta lagun bakarraren heriotzaren ondoren, abandonatutako tren-estazio batera doa bizitzera, bakar-bakarrik egoteko asmoz. Bakarrik utzi dezaten nahi du, baina nanismo-arazoak dituen lagunarentzat oharkabean joatea asmo ia ezinezkoa da. Fin bizilagunen bizitzen parte izango da azkar, eta bakardadea beste batzuen ondoan hobea dela konturatuko da.
Gaiak
Bakardadea, laguntasuna eta desberdintasuna
Bakardadea. Pelikulak bakardadearen ikuspegi desberdinak erakusten ditu. Egoera zailak edota sufrimenduzkoak direla-eta etorritako isolamenduaren ondorioz datorren bakardadea edo ondoan lagunik gabe edo maitatua ez sentitzeagatik datorrena.
Laguntasuna. Istorioak laguntasuna nola sortzen den eta horrek dituen ahalmenak erakusten ditu. Pertsonaien arteko konfiantzak isolaturik bizitzera eraman dituzten egoerak onartzera eta itxaropen berrira zabaltzera daramatza.
Desberdintasuna. Desberdinaren ikuspuntutik deskribatzen du pelikulak gizakiaren bizitza, haren sufrimendutik eta bere istorioari aurre egiteko modutik.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Bakardadeari buruz: Posible al da bakarrik, isolaturik, bizitzea? Zenbat denboraz? Hala nahi dutelako daude pertsonak bakarrik? Noiz bilatzen dugu bakarrik egotea?
· Laguntasunari buruz: Nola egiten ditugu lagunak? Antzagatik, beharragatik…? Posible al da oso desberdinak diren pertsonak lagunak izatea?
· Desberdintasunari buruz: Zertan oinarritzen gara pertsona bat «desberdina» dela esateko? Zerk egiten gaitu desberdin? Zerk berdintzen gaitu?
…pelikula ikusi ondoren
· Zergatik erabakitzen du Finek abandonatutako tren-estaziora joatea? Ihes doa ala benetan desio duena da?
· Bilatzen al dute bakardadea Finek, Oliviak edo Joek? Jarrera berdina al dute bakardadearen eta bizi duten egoeraren aurrean? Zergatik?
· Zerk ahalbidetzen du hiru lagun horren desberdinen arteko laguntasuna? Zer jartzen du bakoitzak erlazio horretan?
· Fin eskolara doanean haur batek parre egiten dio. Istorioaren hasieran bezala eragiten al dio horrek?
Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu