New Orleansko leku ahaztu batera, Purslane Hominy Will delakora, itzuli da gogaitutako nerabe bakarti bat; haurtzaroa igaro zuen hirira bueltatu da bere ama hil dela entzun duelako. Abandonatutako etxea aurkitu beharrean, Pursy zur eta lur geldituko da aspaldi bide okerra hautatu zuten bi gizon bertan lasai bizi direla ikustean. Amaren lagunak dira Bobby Long eta Lawson Pines, haren etxe zaharrean oso eroso daude duela zenbait urte, eta ez dute joateko inolako asmorik.
Gaiak
Porrota, aukerak eta errealitatea
Porrota. Porrot egin duten hiru lagunen bizitzak erakusten ditu istorioak. Iraganaren zamak askotan erabaki okerrak hartzera behartu ditu.
Aukerak. Oraina errealitateari beste modu batez begiratzeko eta iraganarekin adiskidetzea lortzeko aukera-bidea bezala erakusten du pelikulak.
Errealitatea. Bizitzarako gako bezala, baliotsua den horri erreparatzeko beharra azpimarratzen du istorioak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Zailtasunei buruz: Nola egiten diegu aurre bizitzako erronkei, zailtasunei eta sufrimenduei? Zeintzuk dira geure indarguneak eta ahulguneak?
· Barkamenari buruz: Nola egiten diegu aurre geure akatsei? Zer esan nahi du norberak bere buruari barkatzeak? Zer behar da horretarako?
· Aukerei buruz: Prest al gaude helburu bezala jartzen duguna beti ez lortzeko? Garrantzitsua al da hori? Nola erreakzionatzen dugu egoera horietan?
…pelikula ikusi ondoren
· «Ezin dugu geure bizitzako orrialde bakarra ere hautsi, baina liburu osoa bota dezakegu». Hori horrela al da? Iragana ahaztea erabaki daiteke? Zer dakar horrek protagonisten bizitzetara?
· Protagonistek azkenean beren bizitzekin adiskidetzea lortzen dute? Zerk ahalbidetzen du iraganari aurre egin eta hari modu desberdinean begiratu diezaioten?
· Iraganari, orainari eta etorkizunari modu desberdinean begiratzeko aukera eskaintzen du adiskidetzeak? Ba al du maitasunak zerikusirik horrekin?
Aitor Sorreluzen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu