Sinopsia
Yasmina Reza egile frantziarraren izen bereko antzezlanaren egokitzapena. New York-en gertatzen da istorioa, bi senar emazte bikote dira protagonistak. Beren semeek parkean izandako borrokaldiari buruz hitz egiteko, hasiera batean, modu zibilizatuan elkartzen dira; baina bilera korapilatu egingo da.
Gaiak
Gatazka, dilema etikoak, itxurakeria
Gatazka. Gazteen eta helduen artean, gatazka desberdinak ikus daitezke eta, aldi berean, pelikulako protagonisten artean nola doazen handitzen gatazka horiek.
Dilema etikoak. Hartzen diren erabakiengatik larriagotzen doan gatazka-egoera bati egin behar diote aurre pelikulako protagonistek.
Itxurakeria. Pelikulan zehar protagonisten jokamolde onen ondorioz ezkutatzen den itxurakeria ikus dezakegu.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Gatazkei buruz: Nola saiatzen gara gatazkak konpontzen? Inposatzen, hitz egiten…?
· Dilema etikoei buruz: Zer da dilema bat? Zein paper jokatzen du etikak erabakiak hartzerakoan? Harremanik ba al du koherentziarekin?
· Itxurakeriari buruz: Zer da itxurakeria edo hipokrisia? Diren bezala ez agertzen saiatzen al gara pertsonak? Zergatik?
…pelikula ikusi ondoren
· Pelikularen hasieran, nolakoa da lau protagonisten jarrera arazoa konpontzeko? Zein bilakaera dauka pelikulak aurrera egin ahala? Nolakoa da senar-emazte bikotekide bakoitzaren harremana hasieran? Eta pelikularen amaieran?
· Nola da protagonista bakoitza? Nolako eragina dauka protagonista bakoitzaren nortasunak gazteen artean gertatutakoaren aurrean jokatzeko edo arrazoitzeko eran?
· Zer adierazten du bi gazteen arteko azken irudiak parkean?
Kristina Soaresen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu