Sinopsia
Bree transexualaren bizitzak norabide berria hartuko du: «gizonezkoa» zenean seme bat izan zuela jakin du, egun New Yorkeko kaleetan barrena noraezean dabilen nerabea. Senak aurkikuntzari ez ikusiarena egitea eskatuko dio, egin nahi duen ebakuntzan eta horrek ekarriko dion etorkizunean atentzioa jartzea. Baina Breeren terapeutak iraganari aurre egin behar diola, eta horixe onartu behar duela, aholkatuko dio.
Gaiak
Desberdintasuna, onespena eta familia
Desberdintasuna. Desberdintasun eta talde-etiketa guztien gainetik, gizakiak funtsean berdinak garela gogorarazten du pelikulak. Beldur eta gaitasun berdinak ditugu denok.
Onespena. Munduan leku bat aurkitzeko, norberaren istorioari leial izateko eta norberaren burua onartzeko prozesuak deskribatzen ditu istorioak.
Familia. Pertsonaren eraikuntzan familiaren afektuak duen ezinbesteko papera erakusten du pelikulak. Familia-lotura sendoek bizitzaren garapenari laguntzen diote.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Transexualitateari buruz: Zer da transexualitatea? Nola dago ikusia? Zergatik?
· Onespenari buruz: Zergatik dugu geure burua onartzeko eta onartuak izateko beharra? Zer gertatzen zaigu baztertzen gaituztenean? Zergatik?
· Familiari buruz: Zer espero dugu familiarengandik? Nola egiten diogu aurre baldin eta gatazka-iturria bada?
…pelikula ikusi ondoren
· Zer dute komunean Breek eta Tobyk? Zergatik? Nola egiten diote aurre gertatzen zaienari?
· Nola hartzen du Breeren familiak Toby? Eta Bree bera? Nolako erreakzioa du Breek Tobyk bere gurasoen etxetik ihes egitea erabakitzen duenean?
· Breek honakoa dio: «Neuri begiratzea eta, behingoz, naizen benetako hori ikustea gustatuko litzaidake». Zer esan nahi du? Zer nahi du?
· Zer gertatzen da Breeren baitan ebakuntza egiten diotenean? Zertaz jabetzen da? Nola sentitzen da?
Itxasne Etxeberriaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu