Sinopsia
Costa zinema-ekoizle sinesgabea eta Sebastian zuzendari gazte ameslaria elkarrekin ari dira lanean Bolivian filmatu behar duten egitasmo handinahiean. Amerikara iritsi ziren espainiarrei buruzkoa da egin behar duten filma eta bertan basakerian eta ezpatei eta kateei hitzekin kontra egin zieten Elizaren zenbait kideen adorean jarriko dute arreta. Baina Costak eta Sebastianek ezin dute imajinatu Bolivian, beren Santo Domingo zinematografikoan, sakoneraino kolokan jarriko dituzten erronka bat dutela zain. Uraren Gerrak eztanda egin ahala (2000ko apirila) baten uste sendoak eta bestearen arroztea pitzatzen hasiko dira, kontrako zentzuan bidai emozionala egitera behartuta.
Gaiak
Gatazka, giza duintasuna, bizitza
Gatazka. Geure buruarekin eta geure kontzientziarekin aurrez aurre jartzera eta hautatzera garamatzaten gatazken konplexutasuna erakusten du pelikulak.
Giza duintasuna. Bidezkoa iruditzen zaion arrazoien aldeko borrokan pertsonaren duintasuna erakusten du pelikulak. Borroka hori arma bakarrarekin eginez: nekaezintasuna eta behin eta berriz ekitea.
Bizitza. Jende xumeenarentzat hil edo biziko arazoa den uraren pribatizazioarengatik gatazka bat eta pertsonek bizirik irauteko hartu behar dituzten erabaki ausartak eta zailak erakusten ditu pelikulak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Gatazkei buruz: Zer da norbere buruarekin gatazka bat izatea? Zer da etika? Zein da gatazka egoera batean erabakiak hartzerako orduan etikaren zeregina?
· Giza duintasunari buruz: Zer da giza duintasuna? Pertsona guztiek ba al dute giza duintasunik? Pertsona guztiak berdinak al dira giza duintasunean?
· Bizitzari buruz: Zer dira oinarrizko beharrak? Ura oinarrizko beharra al da? Zein ondorio izango lituzke honen pribatizazioak? Nola eragingo lioke pertsonen bizitzari?
…pelikula ikusi ondoren
· Zer esanahi dute Montesinoren pertsonaiaren hitzek 1512ko sermoia antzezten ari denean: “Zeuen erruarengatik hiltzen ari dira; edo hobeto esanda zeuek hiltzen ari zarete”? Zein paralelotasun dauka 2000. urtearekin?
· Zergatik egiten dituzte indigenek uraren sitemaren pribatizazioaren aurkako protestak? Zergatik da hain garrantzitsua berentzat ur-sistema mantentzea?
· Nola aldatzen da Costaren jarrera? Zergatik?
· Zer ematen dizute aditzera Danielen azken hitz hauek “Beti da zaila, nahiago nuke beste biderik egongo balitz”?
· Zer oparitzen dio Danielek Costari? Zer esanahi dauka?
Aintzane Ziarretaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu