Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 1945

Iraupena: 100 min.

Herrialdea: Italia

Zuzendaritza: Roberto Rossellini

Aktoreak:

Aldo Fabrizi, Anna Magnani, Marcello Pagliero, Akos Tolnay, Alberto Tavazzi, Giovanna Galleti, Francesco Grandjacquet, Maria Michi, Carla Rovere, Carlo Sindici, Joop Van Hlzen, Eduardo Passanelli, Amalia Pellegrini, Vito Annichiarico, Henry Feist, Nando Bruno

Produkzioa: Roberto Rosellini, Erruccio De Martino

Roma ciudad abierta

Izenburu originala: Roma, città aperta

Sinopsia
Erromako hiria okupatua dute naziek, eta Askapenerako Komite Nazionaleko kide den Manfredi atxilotzea du helburu Gestapo beldurgarriak. Annie Mariek Manfredi eta bere kideetako batzuk etxean hartuko ditu. Baina aurkitu egingo dituzte, eta alemanek erresistentziako burua eta bere kideak barruan dituen etxea inguratuko dute. Batzuek teilatutik teilatura ihes egitea lortuko dute, baina Manfredi preso hartuko dute.

Gaiak
Konpromisoa, sufrimendua eta damua

Konpromisoa. Askatasuna eta bizitza jokoan dauden gatazka-egoera baten aurrean gizakiak izan dezakeen konpromiso-maila deskribatzen du istorioak.
Sufrimendua. Zenbait erabakik sorrarazten duten sufrimendua erakusten du pelikulak; erabakiok hartzen dituztenek nahiz beren ondorioak jasaten dituztenek pairatzen dutena.
Damua. Hainbat erabaki hartu ondoren gertatzen den prozesua eta sufrimendua kontatzen du istorioak. Batzuetan prozesuak damura garamatza.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Galdera batzuk…
…pelikula ikusi aurretik:

· Konpromisoari buruz. Zapalketa egoera beraren aurrean, zerk eramaten ditu pertsona batzuk konpromisoa hartzera eta ez beste batzuk?
· Sufrimenduari buruz. Besteen sufrimendua ikusteko gai gara? Eta sufriarazten gaituzten horiena?
· Damuari buruz. Zergatik kostatzen zaigu damutzea? Zein ondorio ditu? Liberatzailea al da?

…pelikula ikusi ondoren:

· Marinaren poltsan morfina hatzematen duen eszenan, haren traizioaz jabetzen denean, honakoa dio Manfredik: “Izatea nahi dugun bezalakoa da bizitza”. Guztiz askeak al dira pelikulako protagonistak beren konpromisoa aukeratzerakoan?
· Marinak sufritzen al du? Pinak, Manfredik, Don Prietok-eta duten sufrimenduarekiko desberdina al da harena?
· Marina, soldadu austriarra, soldadu aleman mozkorra, Don Prieto fusilatuko dutenak, eta abar damu dira. Zerk damuarazten ditu?

Pello Sarasuaren laguntzarekin
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top