Sinopsia
Lakubaten erdiko uretan dagoen tenplu batetan ume bat eta monje bat bizi dira. bertan monjeak umeari erlijio budista, sendabelarren sekretuak eta finean oreka naturala irakasten dio. Monje gaztearen bizitzaren garai ezberdinek urteko aro ezberdinetan eta naturak bertan bizi dituen eraldaketetan dute islada. Uda bere nerabezaroa, maitasunaren aurkikuntza, sexua eta baita jabetzaren zentzua eta jeloskorkeria izango da. Udazkenak muturreko materialismoak dakarren amildegitarako jauzia eta erredentzioaren bideak onartzea adierazten du. Neguan, behin bere maixu zaharra desagertuta eta bere bekatuak garbituta, monje gazteak eskualdeko andra batek eman dion jaioberria zaindu eta hezi behar du. Beste udaberri bat dator…
Gaia
Ikaskuntza, erantzunkizuna eta heldutasuna
Ikaskuntza. Bizitzan zehar ematen diren bizi ikasketak islatzen ditu, eta hauek adin txikitan ematearen garrantzia azpimarratzen da.
Erantzunkizuna. Legeetatik araindi, norberaren ekintzen erantzunkizuna azpimarratzen da.
Heldutasuna. Istorioak gatazkeei aurre eginez pertsonaia nola heltzen den aurkezten zaigu, baita bidean agertzen diren bidegurutzeak ere.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Autoritateari buruz: Zer esan nahi du autoritateak? Nola bizi dugu elkar berarekin?
· Akatsei buruz: Erabakiak hartzerako orduan, zer dugu kontuan? Zer egiten dugu anka sartzen dugunean?
· Bizitzari buruz: Nola egiten diogu aurre bizitzari? Oraina bizi dugu, edo gure nahiak etorkizunera proiektatuz?
…pelikula ikusi ondoren
· Gaztea tenplutik joan izana eta gero bueltatzeak zein esanahi du?
· Maixuak gaztea barruan dagoela txalupari su ematen dio. Zergatik egiten du?
· Mendi tontorrera igotzerakoan soinean harria eta budaren irudia eramatera protagonistari zerk bultzatzen dio?
Aintzane Ziarretaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu