Sinopsia
Estatu Batuetako hegoaldeko hiri batean du leku istorioak Depresio Handiko garaian. Bertan, Scout eta Jem, bi anaia gaztetxo eta euren bizilagun bat beste bizilagun misteriotsu baten, Boo Radleyren, sekretua ezagutzen tematuko dira. Bien bitartean, Scouten eta Jemen aitak, Atticus Finchek, emakume zuri bat bortxatzea leporatu dioten gizonezko beltz bat defendatuko du. Gizonezkoaren errugabetasuna nabarmena den arren, epaiketaren emaitza horren da argia eta aurreikusteko modukoa non abokatu bakar batek ez zukeen ezer egingo epaia aldatzen saiatzeko. Inork ez, Atticus Finchek izan ezik.
Gaiak
Desberdintasuna, heziketa etikoa eta adorea
Desberdintasuna. Istorioak begi bistan duguna baino haratago begiratzeko beharra erakusten du, desberdintasunen eta etiketen gainetik “bestea” parekotzat ikusteko eta ez mehatxutzat, arriskutzat edota etsaitzat.
Heziketa etikoa. Enpatia eta aurreiritziz eta ezjakintasunez aske dagoen begirada ahalbidetzen duen heziketa etikoak dakarren eraldaketa prozesua deskribatzen du filmak.
Adorea. Aukera etikoa eta haren ondorioak defendatzeak eskatzen duen adorea, jakintasuna eta bakardadea erakusten ditu istorioak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera
…pelikula ikusi aurretik
· “Besteari” buruz: Zergatik beldurtzen gaitu ezaguna ez denak edota desberdinak?
· Enpatiari buruz: Zer da enpatia? Zergatik aldarazten du gizakia?
· Adoreari buruz: Zer esan nahi du joera orokorraren kontra balio bat defendatzea? Adorea eta beldurra bateragarriak al dira?
…pelikula ikusi ondoren
· Zer irudikatzen du filmeko urretxindorrak? Zeintzuk dira film honetako urretxindorrak? Zergatik?
· Tom Robinson erasotzen saiatzen direnean, Cunningham jaunari kartzelaren aurrean dauden gizonen taldea sakabanatzea ahalbidetzen diote Scouten hitzek. Zer eragiten dute hitz horiek? Zergatik?
· Scoutek aitari zergatik defendatzen duen Tom Robinson galdetzen dio, eta aitak honakoa erantzuten dio: “Zenbait arrazoiren artean, horrelakorik egingo ez banu ezingo nintzatekeelako burua goran bizi. Ezingo nizueke, gainera, zuri nahiz Jemi esan zer egin beharko zenukete”. Zer esan nahi du? Zergatik?
Begoña Gómezen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu