Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2007

Iraupena: 91 min.

Herrialdea: Euskal Herria

Zuzendaritza: Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga

Aktoreak: Documental

Produkzioa: Irusoin / Moriarti Produkzioak

Lucio

Izenburu originala: Lucio

Sinopsia
Anarkista asko izan dira munduan, eta dira oraindik ere. Ugari izan dira kausaren alde lapurretan edo kontrabandoan arituak. Oso gutxi izan ira Ché-rekin estrategia-eztabaidan jardunak, edo Eldridge Cleaver Pantera Beltzen buruari lagundu diotenak. Horri guztiari batuta, planetako bankurik boteretsuena estu eta larri jarri zuena traveller check-en faltsutze masiboaren bitartez, egun bakar batean ere huts egin gabe bere etxegintzako lanera, bakarra izan da. Lucio Urtubia, Cascantekoa (Nafarroa).

Gaiak
Anarkismoa, idealak, justizia

Anarkismoa. Militante anarkista bati eta bere bizitzan zehar egindako ekintza iraultzaileei buruzkoa da filma.
Idealak. Sinesten duen kausaren alde bizitza ematea erabakitzen duen gizon baten borroka iraultzailea kontatzen du filmak.
Justizia. Horretarako gizartean indarrean dauden arauak hautsi behar baditu ere kontzientziak esaten dionaren arabera bizi den pertsona bat aurkezten digu filmak.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Anarkismoari buruz: Zer da anarkismoa? Zein da bere filosofia?
· Idealei buruz: Noraino heltzeko prest egongo ginateke gure idealengatik? Edozein bide zilegi al da helburua garbia bada?
· Justiziari buruz: Arauak bete egin behar al dira bidezkoak iruditzen ez zaizkigunean ere? Ondorioak onartzeko prest al gaude?

…pelikula ikusi ondoren

· Zergatik erabakitzen du Luciok ekintza klandestinoetan aritzea? Zergatik arriskatzen da kartzelara joatera? Zertarako erabiltzen du ekintza klandestinoetan lortutako dirua, bere onura propioa bilatzen al du edo guztien ona?
· Zeintzuk dira bere arrakastaren arrazoiak? Lucio kriminal bat al da? Kartzelara joatea merezi al du? Zergatik?
· Ados al zaude Lucioren ondorengo adierazpenekin? Zergatik? (1) «Nire zorterik handiena pobre pobre jaiotzea izan zen, ez bainuen inongo esfortzurik egin beharrik izan ezarritako guztiari errespetua galtzeko: elizari, jabego pribatuari, estatuari…»; (2) «Hainbat momentutan erantzun bortitzik ez duen izakia anormal bat da»; (3) «Nire bizitzako urterik onenak frankismoaren aurkakoak izan ziren. Denaz aparte, sufrituta ere niretzat bizi izan nuen hura, injustizia hura pribilegio bat izan zen».

Maite Aseginolazaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top