Sinopsia
1976ko uda. Beak (Alicia Falcó) 16 urte ditu eta herrialdean zehar dabiltzan aldaketa-giroekin bat egiten du; emakume-talde batekin lankidetzan aritzen da kausa feminista ikusarazteko eta abortatzeko eskubidea onartzeko. Odolean sentitzen duen asaldura ustekabeko sentimendu batekin nahastuko da, eta horrek barne-mundua aldatuko dio. Hilabete hauetan zehar, Bea oso adiskide berezia izango da Mirenekin (Elena Tarrats), bera baino zaharragoa eta familia onekoa den neska batekin. Bere konpromiso politikoa eta Mirenekiko harremana garai bilakatuko dira uda honetan, eta horrek markatuko du bere bizitza.
Gaiak: feminismoa, harremanak, elkartasuna
Feminismoa. Bea herriko talde feministaren kidea da eta emakumeen eta giza eskubideen alde borrokatzen du bere taldekideekin batera, emakumeek jasan behar dituzten egoera eta mespretxuei aurre eginez. Izan ere, garai hartan abortoa oraindik ilegala zen eta hainbat emakumeen bizipenak agertzen dira istorioan zehar.
Harremanak. Bearen identitatea eraikitzen ari den bitartean, Miren ezagutzen du eta haien arteko harremana oso berezia da. Izan ere, erakartzen dio baina ez daki nola esan gurasoei, ezta nola elkartu berekin. Bestalde, aipatzekoa da bere gurasoekin daukan harremana ezberdina dela: amarekin bizi da eta lanean laguntzen dio; aita, aldiz, kartzelan dagoenez, bisitak egiten dizkio noiz behinka.
Elkartasuna. Emakumeen arteko laguntza eta elkartasuna begi bistakoa da filmean, abortatu nahi dutenei laguntza eta babesa ematen zaie une oro. Gainera, emakume hauen sufrimendua ere adierazten da.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
… pelikularen aurretik
- Feminismoari buruz: zer da feminismoa? Noiz edo nola sortu zen? Zergatik? Aurrerapausoak eman dira? Zeintzuk? Zein da gizarte-mugimendu honen eragina gaur egun?
- Harremanei buruz: nola sortzen dira harremanak? Zer behar da harreman bat iraunkorra eta eraginkorra izateko? Ze motatako harremanak ikus ditzakegu?
- Elkartasunari buruz: zer da elkartasuna? Zer lortu nahi da? Ze egoeretan ematen da?
… pelikularen ondoren
- Ze pasa zaio Belen izebari? Zergatik? Zein da Bearen eta bere amaren erantzuna? Zein da garai hartako gizartearen jarrera edo iritzia abortoaren inguruan? Nola eragiten du abortatu nahi duten emakumeengan? Nori eskatzen diote laguntza? Zer gertatzen da autobusean? Nor da gizon hori? Bartzelonako autobusak ihes egin ondoren, Mirenek behin eta berriro honako hau errepikatzen du: “ez dut nahi inork begiratzea”. Zergatik?
- Zeren inguruan hitz egiten dute ama-alabak kotxean? Nolakoa da Mirenen eta Bearen arteko harremana? Zein da Bea eta bere amaren arteko harremana? Eta aitarekin duen harremana?
- Zer salatu nahi dute Juan Mariri egindako erasoan? Zer lortu nahi dute autobuseko manifestazioarrekin? Zein da herritarren jarrera? Zergatik laguntzen die amak Biarritzera joaten?